NAIZ

Alokairuen prezioak Alde Zaharrean gora egiten jarraitzen duela salatu du EH Bilduk

EH Bilduk emandako datuen arabera, etxebiziitza alokairuen prezioak %24 egin du gora azken hilabeteetan Zazpi kaleetan eta Atxurin berriz, %45 igo da.

Aitziber Ibaibarriaga, Bilboko EH Bilduren bozeramailea. (@ehbildubilbo)
Aitziber Ibaibarriaga, Bilboko EH Bilduren bozeramailea. (@ehbildubilbo)

Azken asteetan Bilboko zenbait auzoetan etxebizitza alokairuek gorakada izan dutela salatu du EH Bilduk. Azaldu dutenez, pisu turistikoak ugaldu diren guneetan gertatu da alokairuen prezioen igoera.

EH Bilduren udal taldeak prezioen jarraipena egin du atari ezberdinetan eta baieztatu ahal izan du Alde Zaharrean, irailean %8 gehiago igo ondoren, alokairu prezioen igoera %24koa izan dela abuztutik. Bertan pisu bat alokatzea Bilboko batazbestekoa baino %20 garestiagoa da.

EH Bilduk dioenez, Alde Zaharra «Bilboko gune garestiena da, Abando eta Indautxu baino garestiagoa».

«Azpimarragarria da Atxurin izandako igoera ere, non pisu turistikoak ugaldu diren. Bilboko auzo horretan, irailetik, alokairuen prezioek %45 egin dute gora eta hiriko hirugarren gune garestiena bihurtu da», EH Bilduk emandako datuen arabera.

«Abuztutik gaur arte prezioek gora eta gora egin dute. Datu horien aurrean zerbait egin behar dugu. Ezin dugu beste alde batera begiratu», azpimarratu du Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak bidalitako oharrean.

«EH Bildu martxotik ari da gentrifikazioaren arazoa mahai gainean jartzen. Datuek gure salaketa baieztatzen dute eta arazoari aurre egiteko hainbat proposamen egin ditugu azken hilabeteetan. Martxoko Udalbatzan prebentziozko neurriak eskatu genituen eta irailekoan Udalaren web orrialdetik kontsultatu daitekeen pisu turistikoen erregistro publiko bat sortzea. Gure proposamenek EAJ eta PSEren ezetza jaso dute», gogoratu du Ibaibarriagak.

Izan ere, EH Bilduko bozeramaileak gobernuaren jarrera kritikatu du. «Arazorik ez dagoela eta neurriak hartzeko beharrizanik ez dagoela esaten dute. Ezin dugu onartu Alde Zaharrean eta Atxurin ostalaritzarekin gertatu zena berriz ere gertatzea. Orduan ere esan zuten ez zegoela arazorik eta neurriak berandu hartu ziren. Orain gauza bera gertatu daiteke».