NAIZ
BILBO

Eurei «sinestea» eskatu dute indarkeria matxistaren biktimek, etorkizuna eraikitzeko

«Sinesgarritasuna», bakea oinarri izango duen etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko elementua. Hala adierazi dute igande eguerdi honetan Bilbon egindako ekitaldian indarkeria matxistaren biktima izan diren zazpi emakumek. Euren testigantzak egiazkoak direla azpimarratu dute, eta hauek «sinestea» jo dute etorkizuna eraikitzeko oinarritzat.

Euren testigantza eman duten emakumeak, oholtza gainean. (@GARA_olarretxea)
Euren testigantza eman duten emakumeak, oholtza gainean. (@GARA_olarretxea)

Foro Sozial Iraunkorraren Gogoetabidean taldearen hausnarketaren ondorio izan da igande goiz honetan Bilbon egin den ekitaldia. «Emakumeen egia aitortu. Nik sinesten dizut» lelopean, azken 50 urteotan indarkeria pairatu duten zazpi emakumeen ahotsa entzun da oholtza gainean. Indarkeria esaten denetan, euskal gatazkak utzitakoaz gain beste indarkeria bat ere egon dela azpimarratu dute bertan, indarkeria matxistarekin zerikusia dutenak.

Aurrez aipatu bezala, zazpi emakumeren testigantzak entzun ahal izan dira ekitaldian: bata zen bortxaketa bat jasan duen emakumea, bestea Guatemalatik etorritako errefuxiatua, kartzelatik igarotako emakume etorkin bat ere bazen, baita Polizia espainiarraren eskuetan bost egunez inkomunikatuta egon eta torturatua izandako bat ere. Bere bikotekide ohiaren eskutik tratu txarrak jasandakoa zen bosgarrena eta lesbiana izateagatik irainak jasan dituena seigarrena. Azkenik, frankismoan indarkeria matxista jasandako batek hitz egin du, bideoz.

Guztiak dira indarkeria matxistaren biktimak, aipatu indarkeriaren adierazle ezberdinak, eta guztiek dituzte amankomunean zenbait ezaugarri. Esan dutenez emakumeek pairatutako indarkeria ez da aintzat hartua izan eta salatu dute isilaraziak izan direla, ahotsa ukatu izan dietela. Zalantzan ere jarri izan zaie salatutakoa eta, ondorioz, «sufrimendu» edo «kulpa» bezalako sentimenduak izatera iritsi dira.

Erreparazio eta justiziaren bidean gertatutakoa zalantzan ez jartzea ezinbestekotzat jo dute, «nik sinesten dizut» leloa aldarrikatuz, eta honek bakearen eraikuntzan egin dezakeen ekarpena goraipatu dute: «[Jasandako kaltearen] onarpen sozial eta politikoa 'nik sinesten dizut' lelotik pasatzen da». Bakearen eraikuntza horretan emakumearen paper aktiboa azpimarratu dute, eta parte hartze horri ateak irekitzea eskatu dute.

Ekitaldi beroa izan da, emakumeei babesa adierazi diena. Bizitakoa besteekin partekatzeko txoko bat aurkitu dute indarkeria matxistaren biktimek, eta bat baino gehiagori erori zaio malkoa. Zauriek sendatu gabe jarraitzen badute ere, garbi dute horrekin bizitzen ikasi behar dutela.