NAIZ

Punturik ez Reala eta Athleticentzat

Jardunaldi beltza gaurkoa euskal emakume taldeentzat. Ez Reala ez Athletic ez dira gai izan, hurrenez hurren, Tenerife eta Bartzelonaren aurka jokatu dituzten partidetan. Bereziki izan da gogorra txuri-urdinentzat; sailkapenean azken postuan jarraitzen dute punturik gabe.

Aurkari gogorregia suertatu zaio Bartzelona Athletici. (ARGAZKI PRESS)
Aurkari gogorregia suertatu zaio Bartzelona Athletici. (ARGAZKI PRESS)

Realak Tenerifeko Granadilla taldea hartu du Zubietan, nahitaez irabazi beharreko partida horietako batean. Txuri-urdinek, baina, azken postuan hasi dute jardunaldia eta hala amaituko dute, gaur ere galdu egin dute eta (1-2).

Lehenengo zatian Realak jokoaren ardura bere gain hartu badu ere, bisitariei nahikoa izan zaie atzean ongi antolatzea bere atea babesteko. Hala, hutsean iritsi dira atsedenaldira. Handik bueltan hasi dira arazoak etxekoentzat.

60. minutuan penaltia agindu du epaileak Realaren aurka, Mariasun Quiñonesek gelditu egin du baina. 68an, ordea, ireki dute markagailua bisitariek; penaltiz egin du gola Maria Jose Perezek. 77.ean berdinketaren gola egin du Sandra Ramajok, baina 84an egin du behin betiko bat eta bikoa Angek.

Athleticek, berriz, neurketa zaila zeukan etxean Bartzelonaren aurka. Hasi bezain pronto –6. minutuan– egin du Martensek katalanen lehenengo gola, eta guztiz baldintzatu du neurketaren joana. 31n, penalti baten ondorioz, egin du bigarrena Marionak. Maldan gora zuten neurketa zuri-gorriek.

Hala ere segituan erreakzionatu dute eta 33. minutuan egin dute euren gola, Cirauquiren bidez. Bigarren zati osoa bazuten ere aurretik etxekoek, Bartzelonak kontrolpean izan du neurketa eta gertuago egon da euren hirugarrena berdinketa baino.

Jarraitu emakumeen futbolak utzitako xehetasun guztiak, hemen.