1984ko martxoaren 19an Pasaiako badian jazotako gertaerak oinarri dituen ‘Pasaiako Badia’ dokumentala datorren urriaren 24ean estreinatuko dute. Iruñeko Golem Baiona zinemetan izango da estreinaldia eta Pasaiako segadan hildakoen senide eta lagunez gain, ordezkari instituzionalak bertaratzea aurreikusten dute.
Arratsaldeko zortzitan izango da Oinatzak Produkzioak-eko lana ikusteko aukera, eta hasteko, Yuri Agirre, Xabier Otamendi eta Erik Aznal zuzendariek hartuko dute hitza. Dokumentalaren emanaldiaren ostean, galderei erantzuteko tartea izango da.
Dokumentalak iaz egindako crowdfunding kanpainari esker ikusi du argia, bertan bildutako diruarekin aurre egin diete-eta bidean sortutako gastuei. Kanpaina horretan parte hartutako lagunei lehentasuna eman zaie estreinaldiko sarrerak erreserbatzeko garaian. Berrehun bat erreserbatu dituzte eurek eta hortaz, 100 besterik ez dira gelditzen. Bertaratu nahi dutenek oinatzak.produkzioak@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.
Estreinaldiaren ostean, dokumentala Euskal Herriko hainbat zinema aretoetan ikusteko aukera izango da. Tartean, Azpeitia eta Pasaia Donibanen. Lehenengoan, urriaren 26, 29 eta 30ean izango dira emanaldiak, Soreasu antzokian, hain zuzen ere. Pasaian, ostera, azaroarean 11n ikusi ahal izango da dokumentala Juanma Berasategi aretoan.