NAIZ
BAIONA

Kataluniari elkartasuna adierazteko ekintza egin du Bizik espainiar kontsulatuan, Baionan

Kataluniari elkartasuna adierazteko eta ANC eta Omniumeko lehendakarien askatasuna aldarrikatzeko ekintza burutu du gaur goizean Bizi mugimenduak Baionan, kontsulatu espainarraren egoitzan. Pankarta bat eskegi dute eta agiria banatu dute.

Bizik pankarta eskegi du espainiar kontsulatuaren egoitzan, Baionan. (@bizimugi)
Bizik pankarta eskegi du espainiar kontsulatuaren egoitzan, Baionan. (@bizimugi)

Bizi mugimenduko hamalau ekintzaile Baionan espainiar Gobernuak duen kontsulatura joan dira gaur goizeko 9.00ak aldera eta Kataluniari elkartasuna adierazteko ekintza burutu dute.

Biziko kideek pankarta eskegi dute, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium erakundeetako lehendakarien askatasuna aldarrikatzeko eta manifestua banatu dute eta kontsulatuaren postontzian utzi dute. Modu horretan, #WithCatalonia nazioarteko elkartasun mugimenduarekin bat egin nahi izan du. 

Manifestuan nabarmentzen dutenez, «ezin du preso politikorik egon XXI. mendean». «Herrien zapalkuntza» ere gaitzetsi dute, eta horren aldean «herrien hautu demokratikoa» jarri dute. 

Biziko kide batek azaldu duenez, «demokraziaren kontrako erasoa» salatzeko burutu dute ekintza, ANC eta Omniumeko lehendakarien atxiloketa «eskandaluzkoa» iruditzen zaielako. Gobernu espainolak Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea ere eskandalutzat jo dute.

Poliziaren bi auto eta CRSak hara hurbildu dira.