Amagoia MUJIKA
DONOSTIA

Koska bat gora, BEC begiztatzeko

Bertsolari Txapelketa Nagusiak hiru eskailera nagusi ditu, eta, dagoeneko, bigarrenera igo da; finalaurrekoetara. Bihar Bastidan abiatuko da finalaurrekoen lehen itzulia. Hogeita lau bertsolarik abiatuko dute bidea eta horietatik hemezortzi pasatuko dira bigarren itzulira. Hiru saio izango ditu bigarren bueltak eta koska horretatik, dagoeneko, BEC begiztatuko da.

Aulki-jokoa da txapelketa; pixkanaka aulkiak erretiratzen dira korrotik eta bertsolari batzuk aulkirik gabe geratzen dira. Lehen fasean 36 aulki eta beste hainbeste ipurdi zeuden. Bidean aulkirik gabe geratu dira erdiak. Aurrera egin duten 18 bertsolarietan erdi eta erdi izan dira emakumeak eta gizonak. Proportzio interesgarria.

Bihar Bastidan bigarren fasea hasiko da, finalaurrekoena, 24 bertsolarirekin; aurreko fasetik datozen 18 eta 2013an finalista izandako sei. Hastera doan fasearen grazietako bat horixe da, gainera. Zer gorputzaldirekin ote datoz txapelketara Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Igor Elortza?

Finalaurrekoak bi txandatan jokatuko dira. Lehenengo bueltan lau saio izango dira, seina bertsolarirekin bakoitza. Bigarren bueltan, hiru saio izango dira. Eta buelta batetik bestera aulkirik gabe geratuko dira sei bertsolari, lehen saioan puntu gutxien batzen dituztenak, hain justu. Bigarren buelta bukatuta, bi saioetako puntuazioak gehitu eta zazpi lehenak egingo dute salto BECeko oholtzara. Han izango dute bere aulkian eserita, zain-zain, egungo txapelduna: Amets Arzallus.

Bastidako saioa

Finalaurrekoetan lehena bihar, larunbatez, jokatuko da Bastidako kiroldegian, 17:00etan hasita. Sei bertsolari arituko dira bertsotan: Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Sustrai Colina.

Bertsolariek osatu beharreko lana aldatu egiten da pixka bat fase berri honetan. Zortziko handiko ariketa, zortziko txikikoa, puntuei erantzutekoa eta kartzelakoa bere horretan geratzen dira. Baina lehen faseko hamarreko txikiko ariketa desagertu eta sei puntuko motza sartzen da finalaurrekoen lehen buelta honetan.

Bastidako bertso saioa janzteko, bestelako ekimenak antolatu dituzte herrian; kantu poteoa, haurrentzako emanaldia eta inguruko upategietara bisita, esaterako.

Biharko saiorako sarrerak gaur 18:00ak arte egongo dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bastidan bertan ere sarrerak aurrez erosteko aukera dago, turismo bulegoan eta tabako dendan. Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, bihar leihatila 15:00ean zabalduko da eta aretoko ateak, berriz, 15:30ean.

Entzun dadila sintonia eta segi dezala aulki-jokoak.

 

Finalaurrekoen lehen itzulia

BASTIDA
2017/10/28

1. Igor Elortza Aranoa

2. Sustrai Colina Acordarrementeria

3. Jon Martin Etxebeste

4. Agin Laburu Rezola

5. Jone Uria Albizuri

6. Nahikari Gabilondo Mendizabal

 

IRUN
2017/11/01

1. Aitor Sarriegi Galparsoro

2. Maialen Lujanbio Zugasti

3. Alaia Martin Etxebeste

4. Unai Agirre Goia

5. Maddalen Arzallus Antia

6. Aimar Karrika Iribarren

 

MAULE-LEXTARRE
2017/11/04

1. Beñat Gaztelumendi Arandia

2. Nerea Ibarzabal Salegi

3. Etxahun Lekue Etxebarria

4. Julio Soto Ezkurdia

5. Nerea Elustondo Plazaola

6. Beñat Iguaran Amondarain

 

DURANGO
2017/11/12

1. Aitor Mendiluze Gonzalez

2. Miren Amuriza Plaza

3. Oihana Iguaran Barandiaran

4. Iñaki Apalategi Astigarraga

5. Jon Maia Soria

6. Miren Artetxe Sarasola