NAIZ
GASTEIZ

Mendizorrotzatik puntuek ihes egiten jarraitzen diote Alavesi (1-2)

Partida txukuna egin du Alavesek Mendizorrotzan Valentziaren aurka, baina berriro galdu du. Bost partida jokatu dituzte babazorroek etxean, eta bostak galdu dituzte. [Neurketaren xehetasunak]

Bostetik bost porrot Alavesek etxean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Bostetik bost porrot Alavesek etxean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Glorioso, irabazi ezazu gugatik». Hala eskatu diote taldeari Iraultza 1921 taldekoek, babazorroen gaur arteko etxeko ibilbideari keinu eginda. Mendizorrotzan lautik lau galduta iritsi da Valentziaren aurkako neurketara Alaves, zeinak ezin izan duen bosgarren porrota saihestu.

Taldeak, baina, itxura ona eman du eta ez du galtzerik merezi izan. Lehenengo 20-25 minutuetan partidaren jabe izan dira babazorroak eta Alfonso Pedrazak, birritan, taldea aurreratzeko aukera izan du. Etxekoak ondoen zeudenean baina, huts batek Zazaren gola ekarri du. 33. minutua zen, eta atzetik zen Alaves markagailuan.

Gola jaso eta atsedenaldira iritsi arteko hamar minutuak ez dira babazorroen onenak izan. Baina aldageletatik buelta, lehen zatian egin gisa, oso indartsu sartu dira gasteiztarrak zelaira. Hala, lehenengo hamar minutuen buruan neurketa berdintzea lortu dute (49', Alexis), sentsazio onekin gainera.

Alaves izan da neurketaren jabe banako berdinketa egin dutenetik aurrera. Alexisek berak bigarrena sartzeko aukera izan du, eta Munir ere pare bat aldiz gerturatu du Pachecok babestutako atera arrisku handiz. Baina lehen zatian jazo bezala, Valentziak egin du gola etxekoak hoberen jokatzen ari zirenean. Penaltiz egin du 1-2koa Rodrigok.

Partida bukaera artekoak nahiko kontrolpean izan ditu Valentziak eta Alaves ez da gol aukera garbi gehiago sortzeko gai izan.

Errepasatu neurketaren xehetasunak NAIZen webgune berezian.