NAIZ

DBH-ko hamar ikasle saritu ditu Udalak

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak gaur eman dizkie «Casilda Iturrizar Andrea - Epaltzaren Alarguna» bekak 2016-2017 ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) laugarren mailako hamar ikasleri hezkuntzaren bikaintasuna saritzeko.

Udalak saritutako hamar ikasleak. (Bilbo Udala)
Udalak saritutako hamar ikasleak. (Bilbo Udala)

«Casilda Iturrizar Andrea - Epaltzaren Alarguna» bekak batxilergoa, lanbide-heziketa eta horien osteko unibertsitate-ikasketak egiteko Bilboko ikastetxeetako ikasle bikainentzako laguntza ekonomikoak dira.

Onuradunak aukeratzeko oposizioaren prozedura erabiltzen da. Aurten Bilboko 36 ikastetxek 216 neska-mutil aurkeztu dituzte.

Udaletxeko Arabiar Aretoan banatu diren 10 bekak eskuratzeko bost ariketa egin behar izan dituzte: Gaztelania eta Literatura, Euskara, Atzerriko Hizkuntza, Matematika eta Geografia eta Historia. Beka jasotzen jarraitzeko, aurreko ikasturtean batez beste «oso ondo» edo horren pareko kalifikazioa lortu behar dute.

Aurten hauek izan dira onuradunak: Alba Hernández Costaya (Solokoetxe BHI), Amaia Valerio Mayayo (El Salvador HLBHIP), Beñat González Bárcena (San Inazio BHI), Xabier Ezkurra Zazpe (La Salle Bilbao HLBHIP), Leire Bringas Sainz (La Pureza de María HLBHIP), Jon Vazquez Maza (El Salvador HLBHIP), Maite García Garay (Ikasbide HLBHIP), Candela Gerediaga Ruiz de Velasco (La Pureza de María HLBHIP), Javier Salcedo García (Ikasbide HLBHIP) eta Ane Cortabarria López (La Salle Bilbao HLBHIP).

Mende bat baino gehiago igaro da Bilboko Udalak «Casilda Iturrizar Andrea - Epaltzaren Alarguna» bekak sortu zituenetik. Bilboko ikastetxeetako ikasle bikainentzako diru-laguntzak dira, Batxilergoa, prestakuntza-zikloak eta unibertsitate-graduak egiteko.

Bekak eskuratu ahal izateko, DBHko 3. mailan gutxienez 8,5eko batez besteko nota izan behar dute ikasleek eta ondoren, egoera berean dauden beste ikasle batzuekin lehiatu. Hurrengo urteetan ere beka jasotzeko, laguntzaren xede izan den ikasturtean «oso ondo» kalifikazioa edo horren baliokidea lortu behar da. Gero eta ikasle gehiago aurkezten da 10 ikaslerik onenei ematen zaizkien beka horiek eskuratzeko. Esaterako, 2007an 90 ikaslek egin zituzten probak; aurten, aldiz, Bilboko 36 ikastetxetako 217 ikaslek eman dute izena.