Amaia U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
ANAITZ ARBILLA
EIBARKO JOKALARIA

«Baikorra izateko moduko sentsazioak eskaintzen dizkit taldeak»

Denboraldi-aurrean lesionatu ostean, espero baino gehiago itxaron behar izan du Anaitz Arbillak taldean sartzeko. Nafarraren asmoa, hori bai, denboraldi honetan aurrekoan egindako lana berdintzea edo, ahal bada, hobetzea da. Eta badirudi bide egokian dela. Gainera, erosoko joko sistema berriarekin, behin sasoia eta konfiantza berreskuratuta, nafarrak rol berri eta funtsezkoa du baloiaren irteeran.

Gol ikusgarri eta erabakigarri batekin borobildu zuen Anaitz Arbillak Levanteren aurka jokatu zuen partida bikaina. Puntu bakarra eskuratzeko bakarrik balio izan bazuen ere, pozik amaitu zuen nafarrak, batez ere taldeak egindako lanarekin.

Denboraldiko partidarik onena jokatu zenuten, baina, azkenean, zuen Ligako aurkari batekin berdinketa besterik ez zenuten lortu. Nahikoa al da?

Argi dago gure asmoa hiru puntuak lortzea zela, eta horretarako egin genuen lan, bai astean zehar bai partidan bertan. Baina partida nolakoa izan zen aztertu ondoren, ez dakit zoriontzeko modukoa izan zen, baina egun positiboa izan zela behintzat esan daitekeela uste dut. Atsedenaldira 0-2 galtzen joan ondoren, ikusgarria izan zen taldeak aurrera nola egin zuen ikustea, sinistuz, berdinketa lortuz...

Emaitza baino, beraz, berdinketa lortzeko modua aipatuko zenuke.

Hori da. Lehen minututik taldeak aurkaria nola estutu zuen, erasoan une oro... Levantek gure bi akats aprobetxatu ondoren abantaila hartu eta gero, ikusgarria izan zen taldeak nola erreakzionatu zuen ikustea: bihotzez, dena emanez eta jokatuz.

Hori izan daiteke nabarmenena? Taldeak antsietatea baztertzeko izan zuen gaitasuna?

Baliteke, bai. Azken finean, gure egoera ikusita, markagailu horrekin eta zaleen bultzadarekin, normalena izaten da jo eta ke jarraitzea, bihotz gehiagorekin buruarekin baino, gasolina amaitu arte. Eta atzean sartzen den aurkari baten kontra oso zaila da horrela zerbait lortzea. Baina taldeak pazientziaz jokatu zuen, golak banaka sartzen direla jakinez, aurretik 45 minutu genituela jakinez. Gelditu barik baina erotu barik. Nortasuna adierazten duela uste dut.

Ez zen norgehiagoka borobila izan, hala ere.

Argi dago. Akats puntualak izan ziren, baina zuzendu beharrekoak. Izan ere, asko zigortzen gaituzte horrelako akatsek. Hala ere, sistema berriarekin hobetu egin dugula uste dut. Barnetik indartu beharra genuen, baloiarekin akats asko izaten ari baikinen eta aurkariek oso zabalik topatzen baitzuten taldea; hala, aukerak eta golak heltzen zitzaizkigun horrela. Konponbidea topatu behar genuen eta sistema berriarekin asmatu dugula uste dut. Jokoaren ideia berbera da, baina sentsazioak hobeak dira. Eta igandean ere ikusi zen.

Hobekuntza kolektiboa izan zen, baina izen propioak ere nabarmendu ziren zelaian. Zurea, besteak beste.

Horretarako egiten dugu lan guztiok, kolektiboari gure onena eskaintzeko asmoz, taldeak funtzionatu dezan. Eta egia da gustura sentitzen ari naizela. Posizio berriarekin, sistema honekin, entrenatzailearekin dudan feeling-arekin... ondo sentitzen naiz. Baina, batez ere, taldeak eskaintzen dizkidan sentsazioak oso onak direla nabarmenduko nuke; oso gauza positiboak ikusten ditut, baikor izateko modukoak.

Beharbada «Ramis berria» aurkitu duelako taldeak? Haren hutsunea ederki bete zenuen, taldea atzetik zuzenduz.

Bueno, bueno, asko esatea da hori... Ramis gure atzelaririk onena da, eta benetan mingarria da taldearentzat bere hutsunea. Ni bakarrik gauzak ondo egiten saiatu nintzen, eta, konfiantzarekin zaudenean, niri orain gertatzen zaidan bezala, errazagoa da.

Entrenatzaileak agindutako lidergoa izan zen edo besterik gabe gertatu zen?

Horrela gertatu zen, besterik ez. Esan dizudan bezala, ondo sentitzen naiz, baloiarekin konfiantzarekin nago... Gainera, Levante atzean sartuta egonda, eta gu hiru zentralekin, errazagoa da baloiari irteera ematea.

Edozein kasutan, eskertzekoa da une zailenetan ere konfiantza mantentzen duten jokalariak izatea taldean.

Talde baten barruan, gaitasun desberdinak, eta, ondorioz, rol desberdinak daude. Eta egia da niri gustatzen zaidala parte hartzea, taldea bultzatzea, garrantzitsua izatea, ahots bat izatea...

Eta zer dio ahots horrek denboraldiko une honetan?

Kezkatzea eta larritzea desberdina dela, eta ez dugula zertan larritu. Beharbada, esperientzia gehiago dugunontzat errazagoa da denboraldiak luzeak direla eta alfonbra gorririk ez dagoela onartzea. Noski hobetu behar dugula, baina argi izan behar dugu hobetzeko gaitasuna izan badaukagula. Ezin gara larritu, lanean jarraitu behar dugu.

Normala da, hala ere, konfiantza galtzea horrelako hasierarekin.

Hasiera latza izan dugu, oso aurkari gogorrak, batez ere etxetik kanpo. Baina, beharbada, mingarriagoak izan dira alderaketak lehiaketa bera baino. Oso urte onak egiten ari da Eibar, batez ere azkena, eta horrek ikuspuntua aldatzen du. Guk argi izan behar dugu talde umila garela, helburu garbi batekin, eta lan asko egin beharko dugula, helburua zaila baita.

Horrek guztiak ez gaitu itsutu behar: Liga hasiera gogorra izan da baina guk ere akatsak izan ditugu eta zuzendu egin behar ditugu. Baina egia da ere lasai nagoela taldeak egunero, bai partiduetan bai lan saioetan, onena emango duela eta besoak jaitsiko ez dituela erakusten duelako.

Garaipenaren saria falta zaio azken bultzakadatxoa jasotzeko.

Eta igande honetan bertan izatea espero dugu Realaren aurka. Baina, batez ere, azken partidako sentsazioei jarraipena eman behar diegu. Gaizki jokatuta irabaztea garrantzitsua da epe motzean, baina denboraldia luzea da, eta, luzera begira, garrantzitsuagoa iruditzen zait gure jokoarekin konbentzituta jarraitzea, indartzea... Hori da orain dagokiguna, sentsazio onak izatea, zertara jokatzen dugun jakitea, gure izaera indartzea... Konbentzimendu horrek etekin handiagoak eskaintzen ditu epe luzean. Eta ondo jokatzeaz gain Anoetako partida irabazten badugu, bada, gustura ospatuko dugu.