NAIZ
IRUÑEA

Iparragirre eta gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko giza katea, ostiralean Iruñean

Ostiralean, azaroak 10, Iruñerriko Sarek antolatuta, giza kate ibiltaria egingo dute Iruñean Ibon Iparragirreren egoera salatu eta gaixo dauden euskal preso politiko guztien kaleratzea eskatzeko. «Giza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu», adierazi dute.

Ibon Iparragirreren askatasuna aldarrikatuz Bilbon egin zen mobilizazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Ibon Iparragirreren askatasuna aldarrikatuz Bilbon egin zen mobilizazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

«Ezin dugu gorrotoak eta mendekuak legalitatea eta demokrazia ordezka dezaten utzi. Eta Ibon Iparragirrerena horren adibide garbia da», salatu du Iruñerriko Sarek ohar baten bitartez. Gogora ekarri dute Iparragirreren «egoera larria» eta, espetxean egotea gutxi balitz, «berarekin batera bere senide eta lagunak zigortzen dituen urruntze politika» ere aplikatzen zaiola.

Egoera hau «mendekua» bilatzen duen politika baten ondorio dela azpimarratu dute. Honen aurrean, «giza eskubideak errespetatzea» eskatu dute.

Iparragirrek kalean beharko lukeela azaldu dute. «Egun desarmatua dagoen erakunde bateko kide izatea leporatuta dago preso Ibon Iparragirre, beraz, ez dago berrerortze aukerarik. Bai espainiar Kode Penalak zein Espetxe Arautegiak aurreikusten dituzte hainbat artikulu Ibon eta gaixo larri eta sendaezinak dituzten gainontzeko presoen egoera krudelari amaiera emateko».

Iparragirrerentzako «tratamendu duina» eskatu dute, eta tratamendu horrek etxean behako lukeela azpimarratu.

Egoera salatu eta bere etxeratzea zein gaixo dauden gainontzeko euskal preso politikoena aldarrikatzeko, ostiralean, azaroak 10, 19:00etan, giza-kate ibiltaria egingo dute Iruñeko kaleetatik, Santo Domingo aldapatik abiatuta.