NAIZ

Babes kanpaina berri bat abiatu du Sarek larriki gaixo dauden presoen etxeratzea aldarrikatzeko

Senideei babes kolektiboa eman eta gaixo dauden presoen etxeratzea aldarrikatzeko #NiEreJoangoNintzateke traolaren bitartez kanpaina berria abiatu du Sarek. Bertan, asteartean Ibon Iparragirreren eta Manu Azkarateren armak kartzelako ateraino joan ziren bezala, gizartea prest dagoela azpimarratu dute.

Sarek kanpaina berri bat abiatu du «senideei babes kolektiboa eman eta gaixo dauden preso larriak etxeratzeko aldarria indartzeko». #NiEreJoangoNintzateke traola erabiliz, sareen bidez babesa helarazteko beharra nabarmendu dute.

Asteartean Alcala-Mecon egindako ekintza sinbolikoaren ondoren, babes kanpaina bat abiatu dute. «Egoeraren larritasuna ikusirik, Ibon Iparragirreren eta Manu Azkarateren armak kartzelako ateraino joan dira semeen bila. Gu ere prest gaudelako, gaixo larriek etxean behar dutelako, grabatu eta zabaldu zure babes mezua», azaldu dute ohar baten bidez.

Hurrengo mezua helarazteko eskatu dute: «Ni ere joango nintzateke nire semearen / alabaren / amaren / lagunaren... bila. Ni ere joango nintzateke Ibonen eta Manuren bila».

Kanpainari hasiera emateko, hainbat lagunen mezuak zabaldu dute. Besteak beste, Kirmen Uribe idazlea,  Miren Amuriza bertsolaria, Fede Badiola, Ana Elordui eta Eñaut Gantxegi aktoreak, Patxi Saez abeslaria, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Ane Miren Barrenetxea Iparra Galdu Baik plataformako kideak agertzen dira goian ikusgai duzuen bideoan.