NAIZ

Azken minutuetan ihes egin dio garaipenak Realari Levanteren aurka (1-1)

Kasik neurketa guztia aurretik joanagatik ere, 89. minutuan sartutako gol batek hiru punturik gabe utzi du Reala Levanteren aurka etxetik aurka jokatu duen neurketan (1-1).

Neurketa zaila zuen larunbat honetan Realak, Levante ahaltsuaren aurka jokatu baitu etxetik kanpo. Liga hasierako bolada okerra zuzentzen hasita, ia eman dute ezustekoa donostiarrek.

Ongi hasi dute neurketa bisitariek, eta ia egon da Bea Beltran lehenengo gola egitear 15. minutuan. Ondo ari zen Reala, eta 31. minutuan aurreratu du markagailuan Claudia Zornozak bere taldea. 37an, ia egin du bigarrena Beltranek, baina kale egin du bere bigarren abagunean ere.

Bigarren zatia hastearekin pixkanaka neurketa estutzen hasi dira etxekoak; 63. minutuan langara jaurti du Sandra Ramajok. Reala aldaketa bidez ahalegindu da neurketa lokartzen, eta estrategiak funtzionatuko zuela zirudien, harik eta 89an Idak berdinketa ezarri duen arte.

Berdinketa ez da txarra Realarentzat; entrenatzailea aldatu zutenetik garaipen bat eta bi berdinketa lortu ditu hiru partidatan.