@gara_miantzi
Hernani

Euskal Herria Euskal Herriago izan dadin lanean segituko du Udalbiltza berrituak

130 bat hautetsi elkartu dira, hainbat gonbidaturekin batera, Udalbiltzaren Batzar Nagusian, Hernaniko Orona Ideon. Bertan bozkatu da Batzorde Eragile berria, eta partaideek bere babesa eman diote lan taldeari. Hamairu kidek osatzen dute: Nekane Garaigordobil (Legutioko alkatea), Jon Arriola (Berriatuako alkatea), Izaskun Guarrotxena (Bilboko zinegotzia), Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea), Haizea Isasa-Mendez (Gamarteko zinegotzia), Patricia Perales (Iruñeko zinegotzia), Oihan Mendo (Garesko alkatea), Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea), Alaitz Aizpurua (Usurbilgo zinegotzia), Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia) eta Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia). Maite Iturre, Baztango zinegotzia, lehendakariordea da eta Luix Intxauspe, Hernaniko alkatea, lehendakaria. Makila eskuetan, kontent agertu da azken hau, lanerako grinaz.

Udalbiltza zuzenduko duen lan talde berria. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Udalbiltza zuzenduko duen lan talde berria. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

‘Udalbiltzan Bagabiltza’ leloarekin egin da Udalbiltzaren Batzar Nagusia gaur goizean Hernaniko Orona Ideon. Izen bera izan du hautetsiek, herritar eta eragileak bidelagun, egin duten gogoeta prozesuak. 600 lagunek parte hartu dute prozesuan, 201 herrik eta 23 eskualdek. Luix Intxauspe erakundeko lehendakariak adierazi duen bezala, herrixka eta hiriburuetan ez da berdin sentitzen Euskal Herria, kostaldean, lautadan, mendian eta basamortuan ere ez. Baina txoko guztietan sumatu dute ilusioa eta lanerako irrika. Zalantza, galdera eta kezkak ere bai. Baina, horien gainetik, aurrera egiteko gogoa.

Ez dira nekatzen errateaz erakunde publiko nazional bakarra osatzen dutela. Administratiboki zatitutako herrian, bakoitzak bere eremuan lan egin arren, Udalbiltzak guztien saregile izan behar duela ulertzen dute. Josten ari den armiarma erabilgarri eta funtzionala. «Euskal Herria eraiki eta kohesionatzeko baliagarria, egunerokotasunean lagunduko diguna, gobernu, udal, hautetsi eta herritarrei».

Bide horretan lanean ari direla azaldu du Intxauspek amaierako hitzaldian. Azkar doaz, politikagintza eta herrigintza ere hala doazelako. 1999an sortu zen Udalbiltza eta kontent agertu zen lehendakaria urte hauetan guztietan eragile aunitzekin izandako harreman eta elkarlanarengatik, hortik sortu diren proiektuengatik eta jasotako ekarpen guztiengatik.

«Beste aire bat»

«2017an beste aire bat arnasten ari gara. Nafarroa Garaiko gobernu aldaketa ona da Euskal Herriarentzat. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan eredugarri lan egiten ari dira ezberdinen arteko elkarlana posible dela erakutsiz. Hiri Elkargoa ere sortu dute eta hori ere ona da. Erabateko bakerik ez badugu ere, pausoak ematen ari gara».

Intxausperen ustez, osagaiak baditugu etorkizunari esperantzaz begiratzeko. «Laino beltzak ere bai. Galdetu kataluniar herriari. Baina Katalunia ez da agertoki txarra ikasteko». Hango elkarlana goraipatu eta erran du Udalbiltzak herri logika bultzatu behar duela. «Herri logika gailentzen den heinean, guztiok norabide berean goazen heinean, guztiok irabaziko dugu». Horretarako egin da, hain zuzen, gogoeta prozesua. Garapen nazionala bultzatuko duten proposamen zehatzen bila. Lurraldeen arteko asimetriak kontuan hartzeko gogoz. Aniztasuna aitortu nahian. Guztiak ordezkatu nahian.

Barne kohesioa indartzearen premia azaldu dute hautetsiek behin baino gehiagotan prozesu honetan eta horretan eginen dute ahalegina, saretzearen bidez. Horretarako pauso bat izanen da Araba eta Nafarroako kontzejuei Udalbiltzaren ateak irekitzea. «Udalbiltzan bagabiltza, Euskal Herria badabilelako», aldarrikatuz bukatu da batzarra.