EH Baik deituta, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Baionan, Kataluniari elkartasuna adierazteko. Euskaldunen plazatik abiatu da «Kataluniarekin bat. Democratie et autodetermination» lelopean, eta 500 lagun inguruk hartu dute parte. Ikurrinak, senyerak eta lapikoak eskutan zituztela egin dute ibilbidea manifestari askok. Martxa Herriko Etxearen aurrean bukatu da, Anita Lopepe eta Jakes Bortairuren hitzartzeekin.
Catalunyarekin bat. Catedraleko auzo barrenean sartu da .@EHBai k deituta Baionan antolaturiko martxa. Ikurriñak, seynerak eta jendea kazerolak ere eskutan ikus daitezke martxan. pic.twitter.com/2umgw0cfdT
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) November 18, 2017
Martxaren helburua Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubideari babesa adieraztea zen, eta Gobernu espainolaren jarrera salatzea. EH Baik nabarmendu duenez, Kataluniako «Gobernu legitimoaren parte bat preso sartuz, Madrilek etapa berri bat gainditu du errepresioaren bidean». Ildo horretan, Gobernu espainolaren «jarrera arduragabea» gaitzetsi du, baita «europar komunitatearen isiltasun jasanezina» ere.
Indar abertzalearen iritziz, Kataluniako herriak «era baketsuan adierazi duen borondatea» errespetatu egin behar da. Horregatik, babesa adierazi dio Errepublika aldarrikatzeko Legebiltzarrak egin zuen hautuari.
Baionako Herriko Etxearen plazan amaitu da Catalunyako herriak Errepublika eratzeko eginiko hautu demokratikoa babesteko .@EHBai k antolaturiko manifestazioa. pic.twitter.com/3gpIJmY0hW
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) November 18, 2017
Hamalau hautetsi abertzalek, horien artean hamaika auzapezek, «Espainiaren jarreraren kontra asaldatzeko eta 155. artikuluaren aplikazioaren ondorioz kargugabetuak izan diren Katalan hautetsiei sostengua adierazteko» deia egin dute.