Bitan aurreratu dira markagailuan alemaniarrak, baina bitan berdindu du partida Adurizek. Bi golak 11 metroetako puntutik erdietsita. Bizirik jarraitzeko nahikoa, eta Williamsek azken minutuetan bilbotarrei garaipena emateko ezinbestekoa. Baina lanak Ukrainian amaitu beharko ditu talde bizkaitarrak.
Txistu batzuk entzun dira partida hasi aurretik San Mamesen, eta ondoren ikusitakoak ez du giroa hobetu. 25. minutuan aurreratu da lehen aldiz Hertha, Matthew Leclek buruz egin duen golarekin. Emaitza horrekin kanpo geratzetik oso gertu zegoen Athletic eta berdinketaren bila abiatu dira.
35. minutuan penaltia egin diote Williamsi eta Adurizek erantzunkizuna hartu du. Hutsik ez. Bain gutxi iraun du pozak. Minutu bat beranduago Selkek, honek ere buruz, berlindarren bigarren egin du.
Susaeta eta Iturraspe sartu ditu Zigandak atsedenalditik bueltan, Aketxe eta San Joseren lekuan. Eta aurrera egin du Athleticek. Hainbat kornerren bitartez presioa ezarri du alemaniarren atearen gainean. Eta presioa areagotuz iritsi da berdinketa. 65. minutuan penaltia adierazi du epaileak. Adurizek hartu du berriz ere baloia eta oraingoan ere sareetara bidali du.
Partida berdinketarekin amaituko zela zirudien, eta Athleticek Ukrainian irabazi egin beharko zuela Europan aurrera egiteko, baina Williamsek lana osatu du eta 82. minutuan gola egin du, sailkapena eskura utziz. Zoryari bisita egin beharko diote bi aste barru, eta bertan ez galtzearekin nahikoa izango du hurrengo kanporaketan egoteko.