Marseilla atzean utzi eta jada Lyonen da duela astebete Euskal Herritik abiatu zen espetxeetako bira. Gaurkoan, lehen aldiz, emakumeentzako espetxe batean izango dira Roannen eta orain artean izan diren beste bost espetxeetan bezala presondegiko zuzendariarekin bildu eta euskal presoen egoeraren berri ematen duen gutuna helaraziko diote.
Euskal Herritik 850 kilometrora dago Roanne, eta bertan preso diren Alaitz Aramendi, Lorentxa Beyrie eta Itziar Morenoren senideak Bagoaz, Etxerat eta Sareko kideek osaturiko ordezkaritzarekin batuko dira.
Senideen testigantza
Hain zuzen ere, Unai Arkauz Bagoazeko kideak, hautetsi eta eragile desberdinekin egiten dituzten bilkuretan senideen presentzia izateak duen garrantzia azpimarratu eta Marseillan amaitu berri duten etapa positiboki baloratu zuen GARAri egindako adierazpenetan.
Ibon Goieaskoetxea eta Asier Ezeiza euskal presoen senideek Marseillako herriko etxean zenbait hautetsirekin egin zuten bilkura aipatu zuen adibide moduan: «Marseillako kontseilariek ETAren armagabetzearen berri ukan zuten prentsaren bitartez, baina ez zekiten beraien eskualdean euskal presoak zeudenik, eta astero, bisita egitera joateko egin behar dituzten bidaiak eta zailtasunak zuzenean entzuteak hunkitu egin zituen».
Ondorioz, bilkura haren ostean, Marseillako zenbait hautetsik konpromisoa hartu zuten Parisko ekimenarekin bat egiten duen manifestua beste jende bati helarazi eta sinatu dezaten eskatzeko.
Arkauzen iritziz, martxa hasi zutenetik zeharkatu dituzten bi eskualde handietako kartzela zuzendariekin bildu izana ere aintzat hartzekoa da. «Frogatzen du aintzat hartzen gaituztela, entzuten gaituztela», egin zuen hausnarketa Bagoazeko bozeramaileak.
Horrez gain, «hiri handietako elkarteekin sentsibilizazio kanpaina egin dugu, beraz, orain artean ezarritako helburuak betetzen ari gara», erantsi zuen Arkauzek.
4. ETAPA: LYON
Azaroak 23
11.00etan: Agerraldi publikoa. Arratsaldean: Bilkura Roanneko espetxean.
Azaroak 24
10.00etan: Kartzela administrazioko zuzendariarekin bilera. Arratsalde bukaeran: Mintzaldia, LDHren lokalean eta ondoren, gaualdia ostatu batean.