Osasun Sailak «egunetik egunera» berretsi egin du emakumeen aurkako indarkeriaren kontra duen «konpromiso irmoa eta sendoa», «bai euskal osasun sisteman indarkeria matxista antzemateko mekanismoak ezarriz, bai berdintasunaren kultura sustatuz eta genero bazterkeriaren aurka borrokatuz».
Gainera, emakumeen aurkako indarkeria eta horrek osasunean duen eragin fisikoa eta psikologikoa «lehen unetik lehentasunezkoa da» Osasun Sailarentzat. Lehentasun hori egikaritzen da «horrelako protokoloak antolatuz eta horrelako edozein indarkeria adierazpen antzeman ahal izateko profesionalei prestakuntza eta baliabide egokiak emanez».
Nazioarteko programa
Aurten, Osasun Sailak eta Osakidetzak Nazio Batuen Erakundearen (NBE) ‘Indarkeria jasaten duten Emakume eta Neskatoentzako Zerbitzu Bereziak’ izeneko nazioarteko programan parte hartu dute. EAEn Emakundek sustatzen eta koordinatzen du programa, eta helburua da indarkeria matxistaren biktimek osasun arretan, gizarte zerbitzuetan, laguntza juridikoan eta polizialean kalitatezko zerbitzuetara jo dezaketela bermatzea. Ekimena 2017an zehar izan da abian, eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan egoera aztertzeko diziplina anitzeko lantaldeek jarri dira martxan, hobekuntza arloak identifikatu eta ekintza planak ekarriko dituzten jarduketa zehatzak diseinatzeko.
Gainera, legealdi honetan, Emakumeen Genitalen Mutilazioa antzemateko protokoloa aplikatzen ari da EAEn. Protokoloa prestatzen Osasun Sailak, Emakundek eta Osakidetzak parte hartu dute. Osasun sisteman emakumeen genitalen mutilazioa egitea prebenitzeko eta antzemateko tresna da. Horrelako kasuak jasaten dituzten emakumeei eta neskatoei arreta emateko ekintza eraginkorrak jaso ditu eta, bereziki, EAEn bizi diren neskato gehiago genitalen mutilazioaren biktima izatea saihestea.
Aurten, Osasun Sailak Osakidetzaren logotipoa egokitu du eta puntu lila sartu du, tratu txarren aurkako borrokaren sinboloa. Pin moduan banatu du bere zentro eta erakunde guztietan, profesionalek erabil dezaten. Era berean, irudia Osakidetzaren gizarte sare guztietan agertuko da.
Segurtasun Sailak asteazkenean ezagutzera eman zituen datuen arabera, 2017an 4.519 emakume izan dira indarkeria matxistaren biktima, iaz 4.532 izan ziren bitartean.