NAIZ
Lizarra

Bengoetxeak errematea jarri dio Larunberen erakustaldiari (22-11)

Partida handia egin du Mikel Larunbek, ezker zein eskuinez pilota astinduz eta aurkariei momentu oro nagusituz. Bengoetxeak bere atzelariaren nagusitasun hori aprobetxatu du aurreko koadroetan. Olaizola eta Imazek ezer gutxi egin ahal izan dute. Azkenean, 22-11 gorrien alde.

Bengoetxeak ederki aprobetxatu du Larunberen lana. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Bengoetxeak ederki aprobetxatu du Larunberen lana. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Gaurko mailan arituta, Bengoetxea eta Larunbe ez dira iaz jokatu zuten finaletik urruti egonen. Lehen partida Victor eta Albisuren aurka galdu ostean, gaur txiki utzi dituzte Aimar Olaizola eta Ander Imaz.

Hasiera-hasieratik nagusitu dira Bengoetxea eta Larunbe. Tanto oro dominatu du atzelari bizkaitarrak eta Imaz atzeko koadrotan itxita izan du. Modu horretan, Oinatzek aukera ugari izan ditu errematerako, eta Aimarrek, aldiz, oso gutxi. Eta izan dituenetan, urrutitik sartzera behartuta egon da.

Gauzak berriak asmatzen saiatu da Olaizola, eta horrek ere hainbat akats eragin dizkio. Bengoetxea ere ez da bere mailarik onenean ibili errematean, baina Larunbek jokatutako partidarekin ez du behar handirik izan. Imazek ezin izan dio pilotarik kendu, nahikoa zuen-eta Larunberen kolpeak frontisean jartzearekin.

Emaitza honekin, bikote bakoitzak puntu bana dauka aurtengo txapleketan, bi partida jokatu ostean.