NAIZ

Denboraleak errepideetan arazoak sortzen jarraitzen du

Errepide sare nagusia irekita aurkitzen bada ere, ugari dira bigarren mailako errepideetan eta mendateetan denboralearen ondorioz sortu diren arazoak. Orotara, dozena bat baino gehiago dira trafikoari itxita aurkitzen diren bideak. Eguraldiaren iragarpena.

Sei errepide zati itxi behar izan dituzte Nafarroan. (Nafarroako Gobernua)
Sei errepide zati itxi behar izan dituzte Nafarroan. (Nafarroako Gobernua)

EAEn, esaterako, trafikoari guztiz irekia dago errepide sare nagusia, nahiz eta «arduraz» gidatzeko gomendioa egin duen Ertzaintzak A-1 errepidean, Gasteizetik Nafarroara bidean; eta N-1 errepidean, Etzegarate inguruan, elurra baita gune horietan.

Trafikoari itxita daude Opakua, Elosua, Otsaurte, Lizarrusti eta Orduña eta kateak behar dituzte autoek zirkulaziorako Bernedo eta Herreran.

Nafarroan ere ez da samurra egoera. Sei errepide zati daude trafikoari itxiak –Urbasa, Aralarko Sanmigel, Belagua eta Burgiko mendateak– eta beharrezkoa da kateen erabilera NA-7211 (Castillo de Lapoblación - Aguilar Kodes) errepidean, NA-138an (Iruñetik Estatu frantsesera Aldudetik), NA-1740an (Irurita - Eugi) eta NA-2520an (Olague - Zubiri).

Gauzak horrela, zentzuz gidatzeko aholkua luzatu du Nafarroako Gobernuak, zeinak elurra kentzeko 82 makina jarri dituen lanean. www.incidenciascarreteras.navarra.es webgunea ere jarri du herritarren zerbitzura, ezbehar guztiak jaso eta unean-uneko errepideen egoeraren berri emateko.

Abenduan sartzearekin batera iritsi zen atzo, ostiralez, denboralea eta eguraldi prebisioen arabera larunbat honetan bertan geratuko dira prezipitazioak.