NAIZ

Euskararen ametsak argitu eta berotuz

Euskararen Nazioarteko Eguna izan zen atzo eta han eta hemen gure hizkuntza sustatzeko makina bat ekimen izan ziren.

Mila kandela baino gehiagorekin, 'Euskaraldia' hitza piztu dute Gasteizen. (ALEAren irudia)
Mila kandela baino gehiagorekin, 'Euskaraldia' hitza piztu dute Gasteizen. (ALEAren irudia)

Euskararen alde plazak bete ziren Tolosaldean, baita berri bat inauguratu Arrasaten. Enparantzetako hotzetik ihesi, askok barruko goxoan bapo ospatu zuten eguna eta kirol munduan ere oihartzuna izan zuen gure hizkuntzaren aldeko egunak. Hemen sarean aurkitu ditugun zenbait ekimen:

Gasteizen argia eta beroa eman nahi izan ziote euskarari, mila kandela baino gehiagorekin, 'Euskaraldia' hitza piztuta. Kandelen mosaikoa behin amaituta, kalejiran joan dira ehun bat lagun Oihaneder Euskararen Etxeraino. Bertan, ALEA aldizkariz egindako Erronken zuhaitza inauguratu dute, bertan euskararekin lotutako desirak, proposamenak, aldarrikapenak eta erronkak zintzilikatu eta gainontzeko euskaldun eta euskaltzaleekin konpartitzeko.

Amurrion ere suaren beroa erabili zuten euskara goxatzeko.

Tolosaldean, aldiz, Galtzaundi Euskara Taldeak antolatuta, eskualdeko 28 herriek egitasmo bateratua egin dute eta Tolosaldean euskarak 365 egun!! leloa, hizkiz hizki, osatu dute herri bakoitzeko plazetan.

Agiñan mural pintaketa egin zuten herria euskararen eguna ospatzeko.

Arrasaten, ostera, euskarak badu plaza. Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, aste osoan zehar izandako ekimenei amaiera borobila eman zioten atzo, Euskararen plaza inauguratuta. Eskuter txapelketa, bertso-rap emanaldia, eta kaxaz osatutako horma-irudien erakusketa izan ziren bertan, besteak beste.

Bilboko Bilbi auzoan eguraldi zatarri aurre eginez, barruko goxoan ospatu zuten euskararen aldeko eguna. Bazkari ederra egin zuten Xake Espazioan. Baita Eibarren ere.

 

Kirol munduan ere euskararen alde egin zuten atzokoan. Euskararen alde agertu zen adibidez, Bera-Bera eskubaloi taldea atzoko partidaren atarian.

Gizonezko lehen mailan aritzen diren euskal taldeak ere gogoan izan zuten gure hizkuntza atzokoan.

Errealean euskaraz jokatu nahi dutela jakinarazi zuten bideo baten

Horren ezagunak ez diren kirol taldeek ere bat egin zuten Euskararen Nazioarteko Egunarekin

Gure mugetatik kanpo ere izan zuen isla Euskararen Egunak.
 
 
 

Habanan, Kubako hiriburuan ere ospatu zuten Euskararen eguna. Uharteko eta Euskal Herriko ehun pertsona baino gehiago hurbildu ziren Habanako Unibertsitateko Euskal Hizkuntz eta Kultura Katedrak, Etxepare Institutuak eta Habek antolatutako ekitaldira.  `La Casa de la Bombilla Verde´ lokalean, aipatutako Katedrako eta Habeko ikasleen, bertsolarien eta Kubako abeslari garrantzitsuak diren Adrián Berazain, Ray Fernández, Maygre eta Jorge Iván (Jade taldekoa), Ramón Díaz eta Danieuris Moyaen emanaldiak egon ziren.

Valentzian bildutako euskaltzaleak, ostera, Xabier Zabalaren “Koloretako maleta” abestia abestuz ospatu zuten eguna