NAIZ

EH Bilduk eta Udalberrik barrutietako osoko bilkuretara joateari utziko diote

Udalberri eta EH Bilduko ordezkariek azaldu dutenez, «hiritarren parte hartzea oztopatzen jarraitzen duen araudi berriaren ezarpena dela eta» hartu dute erabakia.

Izaskun Guarrotxena eta Amaia Arenal, EH Bildu eta Udalberri udal taldeetako zinegotziek, Barruti Kontseiluetan bi udal taldeen ordezkariak diren kontseilariak bilkuretara joateri utziko diotela adierazi dute.

Azaldu dutemez, Barrutien Araudiaren berriztearen prozesu osoan zehar, EH Bildu eta Udalberri udal taldeetatik parte hartzea bermatzeko hainbat proposamen helarazi dituzte.

Baina ohar batean salatu dutenez, «udal taldeek eginiko proposamenek eta bai hiritarrek aurkeztutako 1400 alegazioek, udal gobernuaren ezezkoa jaso dute».

Gogoratu dutenez, araudia onartu zen osoko bilkuran, bi udal taldeek Udalbatza utzi zuten ezadostasuna adieraztelp.

Elkarteek ahotsa eta bozka eta alderdiek duten kide kopuru bera izatea eskatu zuten EH Bilduk eta Udalberrik. Une honetan alderdiek 13 ordezkari dituzte eta elkarteek 5.

Horrekin batera, auzo batzordeak sortzea proposatu izan dute, barrutia osatzen duten auzoek beharrizan oso ezberdinak dituztela argudiatuz.

Proposamen horiek ere udal gobernuaren ezetza jaso zuten. «Gauza bera gertatu zen proposamenak egiteko epea luzatzea eskatu zenean. Gaur egungo epeak ez du ahalbidetzen proposamenak egitea», salatu dute oharrean.

Euskararen erabilera bermatzea ere eskatzen zuten alegazioetan «gaur egun aktak ere» ez batira «itzultzen».

Gaineratu dutenez, gaurtik aurrera udal talde bi hauetako kontseilariek batzorde tekniko eta soziokulturaletan bakarrik hartuko dute parte.