Jon Kepa Paroten baldintzapeko askatasunaren inguruko erabakia ez da otsailaren 22ra bitarte jakingo. Gau aztertu dute dei auzitegian bosgarren eskari hau eta Bagoazek fiskalak prozeduran izan duen jarrera salatu du. «Azpimarratu nahi dugu gaur fiskalaren jarrera lotsagarria, berriz ere Ionen askatasunaren kontra posizionatu baita».
Parotek «desorden publiko larria» sortu dezakeela argudiatu du fiskalak. Era berean, «Baionatik sustengua jasotzen duela eta sarri bere aldeko mobilizazioak antolatzen direla» ere adierazi du. Bestetik euskal preso politikoari leporatutako «ekintzen larritasunak bizi osorako zigorra» dakarrela nabarmendu nahi izan du eta «epaileak ez daudela hori amnistiatzeko». Parotek 28 urte daramatza espetxean.
Bagoazek argudio hauek gaitzetsi ditu: «Nola ote da posible horrelako argumentuak entzutea gaur egun auzitegi batean, bai ETAren armagabetzearen biharamunean baita Pariseko mobilizazioaren biharamunean. Hitz hauek bake prozesuari eraso egiten diote, argi eta garbi».
Elkarretaratzea
Honen aurrean, gizartea mobilizatzera animatu dute, «jarrera zaharkitu hauek aldatzeko, bake prozesua aitzinarazteko». Zentzu horretan, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Baionako Mayou zubian.