amagoia.mujika@gaur8.info

Nerabea beti dago lagunekin konektatuta, onerako eta txarrerako

Erabat digitala den ingurura jaio ziren. Haientzat teknologia berriak ez dira berriak, betikoak baizik. Mugikorra eskuari pegatuta ibiltzen dira, beren gorputzaren parte balitz bezala, eta mundua pantaila batetik barna ikusteko entrenatu dute begirada. Nerabeak dira, aro aldaketa bete-betean daude eta haientzat Internet ez da erabiltzeko tresna bat, bizitzeko toki bat baizik. Gaian adituak diren hiru profesionalekin hitz egin du GAUR8k, hezitzaileek eta gurasoek topatu ohi dituzten egoeren inguruan. Badago zer hausnartu eta zer ikasi.

Teknologiak eragin zuzena izan du pertsonen arteko harreman moduetan. Eragin horrek argiak eta itzalak ditu eta oraindik goiz samar ere bada arrasto hori norainokoa den edo izango den asmatzeko.

Nerabeen kasuan, eragin hori hasi da igartzen. Orain arte bullyinga zena ziberbullying bihurtu da orain eta oinarrian erasoa antzekoa bada ere, ezaugarri desberdinak ditu. «Lehendik zegoen arazoa konplexuagoa bihurtu da», eman dute abisu adituek. Izan ere, lehen erasoa aurrez aurre gertatzen zen nagusiki, eta eraso gune horietatik apartatzea izaten zen babeserako aukera bat. Orain, ordea, erasoa etengabekoa da eta ez du zertan presentziala izan. Sare sozialetan laguntasun adina eraso kabitzen dira eta, adituek nabarmentzen duten bezala, «Internetek ez du sekula atseden hartzen».

Pribatutasuna eta intimitatea ulertzeko eta zaintzeko modua ere aldatu egin da. «Interneten gaudenean, milioika pertsonak osatzen duten erkidego batean ari garela kontuan izan behar dugu. Lurralde, kultur, adin, izaera, pentsamendu... ezberdinak dituen jendearekin harremantzen gara», adituen oharra.

Internet tresna bat besterik ez da. Berez, ez da ona edo txarra, erabilerak eramaten du alde batera edo bestera. Aukera adina arrisku ditu eta gakoa «jakintza digitalean» dago. Jakintza hori ez dute nerabeek bakarrik eskuratu behar, gurasoek eta hezitzaileek ere trebatu behar dute,

ESTIBALIZ LINARES

«Beldurrez begiratzen diegu nerabeei eta teknologiari»

Deustuko Unibertsitateko ikertzailea da, Ctrola programan lan egiten du eta Sortzen aholkularitzan kolaboratzen du. Aditua da nerabeak eta generoa lotzen dituzten korapiloetan.

«(Ziber)bullying»-a eta genero eraikuntza. Lotuta daude?

Gure gizarte harreman guzti-guztietan daude genero eraikuntzak, genero kargak. Gure bizitzako eremu guztiak zeharkatzen dituen gaia da. (Ziber)bullying kasuetan, erasoak jasaten dituzten neska-mutikoak betiko roletatik edota estereotipoetatik ateratzen direnak izaten dira, gure gizarteak espero duen genero eraikuntza betetzen ez dutenak. Horrez gain, badaude generoari espezifikoki lotutako

erasoak. Esaterako, neska batek bere mutil-lagunari argazkiak bidaltzen dizkio eta horrek argazki horiek sare sozialetan zabaltzen ditu. Ondorioz, neskak eraso eta mehatxu sexistak jasotzen ditu sarean.

Zer aldatu da «bullying»-etik «ziberbullying»-era?

Lehendik zegoen arazoa konplexuagoa bihurtu da. Erasoaren oinarrian faktore berak daude, baina, orain, sare sozialekin, areagotu egin da indarkeria: une oro jasaten den erasoa da eta, gainera, ezin duzu eraso horretatik atera. Eragina konplexuagoa eta sakonagoa da.

Beti zaude konektatuta eta, ondorioz, beti zaude erasoa izateko moduan.

Horixe. Gainera, orain erasoak irakurri egiten dituzu. Lehen hitzez jasotzen zenituen eta gogorra zen. Orain, irakurri egiten dituzu, are gogorragoa. Gainera, jende askok irakur ditzake eta komunitate osoak jakin dezake sufritzen duzun erasoaren berri. Gazteak beren artean hain konektatuta daudenez, lehen klaseak zekiena orain herri osoak daki, eta karga hori oso latza da.

Eskolatik zer egin daiteke?

Komunikazio positiboa lantzea oso garrantzitsua da. Tesia egin nuenean, nerabeei galdetu nien behar izanez gero, zeini eskatuko ote zioten laguntza. Gehienek lagunak aipatzen zituzten, batzuek etxekoak, baina inork ez zituen aipatzen irakasleak. Arazo bat dago hor. Distantzia handia dago ikasleen eta irakasleen artean, batez ere nerabezaroan. Haur Hezkuntzan harremana gertuagokoa da, baina DBHra edo Batxilergora salto egiten dutenean, maiz ikasleak zenbaki huts bihurtzen dira. Hori aldatu beharra dago eta horretarako komunikazio positiboa landu behar da. Klasera sartzean, zer moduz dauden galdetu, asteburuan zer egin duten... Klasera sartu orduko antzematen da nola dauden eraikiak harremanak. Horietan arreta jarri eta estrategiak garatu behar ditu irakasleak. Eta horretarako konfiantzazko harremanak izatea ezinbestekoa da. Tutoretza saioak benetan baliatu –maiz ez da horrela gertatzen– eta konfiantzazko espazioak sortu behar dira.

Etxean ere garrantzitsua izango da komunikazio bideak zabalik izatea.

Garrantzitsuena komunikazioa da, komunikazioak positiboa izan behar du eta bide asko izan behar ditu. Horrez gain, nerabezaroaren gainean dagoen estigmatizazioa kendu behar da. Denok pasatu gara prozesu horretatik eta nerabeak sekulakoak dira; beren jarreraren inguruan hausnartzeko gaitasun handia daukate. Erantzukizuna ematen diegunean, erantzun oso baikorrak ematen dituzte. Nerabezaroari ez zaio beldurrik izan behar; pertsonak dira eta jarrera baikorrak dituzte. Horiek indartu behar dira.

Gaurko nerabeak jaiotzerako teknologia eta sare sozialak hemen ziren. Nola moldatu?

Oso garrantzitsua da gaitasun emozionalak lantzea; enpatia, asertibitatea... Sare sozialetan edozer gauza jarri baino lehen, gelditzen eta pentsatzen erakutsi behar diegu, mina egin dezaketela jakinarazi, bestea nola sentituko den pentsarazi... Sare sozialetan dena oso-oso azkar gertatzen da, kasik pentsatu gabe ematen dira pausoak.

Zibersegurtasuna garrantzitsua da baina, nire ustez, are garrantzitsuagoa da gaitasun emozionalak lantzea. Zure sare soziala modu seguruan jartzea ondo dago, baina indarra jarri beharko genuke sare sozialetan bestearekin harremantzeko moduetan.

Sare sozialak aurrez aurreko komunikazioaren kalterako etorri al dira?

Asko nabarmentzen da gailu teknologikoen eta sare sozialen presentzia, baina ez da hainbesterako. Institutuetan, esaterako, ez dute hainbesteko presentzia. Egia da aurrez aurreko komunikazioa ezinbestekoa dela, baina sare sozialak hor daude, geratzeko etorri dira eta garrantzitsua iruditzen zait nerabeei teknologiak egoki erabiltzeko tresnak eskura ematea. Gainera, aldaketa barrutik eman behar dela uste dut. Ezin diegu lagundu nerabeei Internet ondo erabiltzen, sareak ondo kudeatzen, ez baldin badakigu hor barruan zer dagoen. Gainera, ez dugu arreta jarri behar bakarrik gaizki egiten duten horretan; Internetek mila aukera eskaintzen ditu eta horietan arakatu behar dugu. Esaterako, badira youtuber oso interesgarriak, diskurtso oso jantziak eta ideia oso interesgarriak zabaltzen dituztenak. Horietara iristen laguntzea da gakoa.

Hezitzaile-guraso eta nerabeen artean dagoen arrakala digitalean behera indar asko joaten da, ezta?

Klabe garrantzitsua da hori. Frogatuta dago gurasoek edo hezitzaileek jakintza digitala dutenean, sarean mugitzen dakitenean, nerabeek erraz jotzen dutela haiengana laguntza eskatzera. Eta konfiantza horretatik gauza asko landu daitezke. Orain, gurasoek ez badute piperrik ulertzen eta mundu digital horretatik kanpo baldin badaude, nerabe horiek umezurtz digital bilakatzen dira, galduta egoten dira sarean barna.

Guraso eta hezitzaile askok, ordea, beldurrez begiratzen diote teknologiari.

Beldurrez begiratzen diegu nerabeei, baita teknologiari ere. Horrek distantzia ikaragarria markatzen du eta neska-mutikoak noraezean geratzen dira, iristen zaien informazio hori guztia ezin kudeatu, matxista dena eta ez dena ezin bereizi, adibidez.

Matxismoa oso zabaldua al dago sare sozialetan?

Bai, hala dago. Finean gure gizartean gertatzen denaren isla da. Baina mundu digitalak potentzialitate handia dauka eta dena globala bihurtzen du. Baina bada gauza bat mugiezina: Teknologia gurekin bizi da, sekulako presentzia dauka eta gure bizitzaren parte da. Hortik abiatu beharko genuke lanean hasteko.

Egunero iristen zaigu indarkeria matxista kasuen berri. Maiz, erasotzaileak oso gazteak dira.

Nik nerabeekin egiten dut lan egunero eta bai, indarkeria sexista hor dago, baina baita diskurtso oso kritikoak eta interesgarriak ere. Beti txarrena hartzen dugu aintzat, badirudi dena gaizki egiten dugula edo ez dugula ezer egiten. Nik, berriz, sortzen ari diren espazio kritiko oso aberatsak ikusten ditut. Duela hamar urteko panorama askoz okerragoa zen. Gauzak aldatzen ari dira, baina matxismoa gure gizartearen muin-muinean dago eta hori aldatzea urteak eta urteak kostatuko da. Lan sakona daukagu egiteko.

Bestetik, nabarmendu nahiko nuke gure nerabeek begi aurrean daukaten panorama ikaragarria dela. Ikus-entzunezko munduan erabat sartuta daude eta mundu hori oso sexista eta matxista da. Hartara, gure nerabeei superheroiak izateko eta korrontearen kontra igeri egiteko eskatzen ari gara. Daukaten sozializazioa ez da inondik inora egokia sexismoari aurre egiteko eta sekulako erantzukizuna eskatzen diegu nerabeei. Eta sistemak ez du laguntzen.

PAULA JAUREGI

«Talde barnean sentitu beharraren antsietatea oso presente egoten da nerabezaroan»

Substantziarik gabeko menpekotasunetan aditua da, Psikologian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da.

Zer dago mugikor baten atzean?

Nerabeek beren mugikorrarekin ordu asko ematen dituztela ikusten dugu eta ez dakigu zer dagoen horren azpian. Mugikorra berez tresna bat da eta ez dauka funtziorik. Guk ematen diogu helburu edo erabilera jakina. Interneten informazio mordoa aurki dezakegu. Maiz nerabeek egiten duten erabilera egokia da, informazioa topatzen dute, beste pertsona batzuekin harremanetan jartzen dira... baina, era berean, arazoak egon daitezke; harremanetan jartzeko moduak egokiak ez direnean, adibidez.

Kontrolerako tresna indartsua izan daiteke.

Bai, eta horrelako arazoak asko ikusten ditugu, bai bikoteen artean, baita lagunen artean ere. ‘Nirekin ari zinen, agur esan didazu, baina ez zara deskonektatu. Zeinekin ari ote zara?’. Horrelako jokabideak agertzen dira tresna hori dela medio. Baina tresna, berez, ez da txarra.

Tresna berriak eskuan, beti zaude lagunekin, onerako eta txarrerako. Sentsazioa da bizipenak sakonagoak direla.

Hori horrela da. Interneten ez dago atsedenik. Jar dezagun adibide nerabe kuadrilla baten Whatsapp taldea. Mezu bat jaso orduko erantzuteko beharra sentitzen dute. Bestela badirudi ez dutela hainbesteko interesik, ez dutela taldearekiko fideltasunik... eta gauza horiek oso garrantzitsuak dira adin horietan. Nerabeentzat garrantzitsuena talde baten parte direla sentitzea eta talde horretan besteek errespetatzen dituztela sentitzea da. Etengabe besteen onespenaren eta onarpenaren bila ari dira. Horregatik beti adi daude, ez dutelako ezer galdu nahi. Talde barnean sentitu beharraren antsietatea oso presente egoten da nerabezaroan. Uste dut garrantzitsua litzatekeela gauza horiek lantzea.

Nola landu daiteke?

Denon artean egin beharreko lana iruditzen zait; gurasoak, irakasleak, gizartea... Zer egin behar dugu? Mugak jarri behar ditugu, erabilera noiz den egokia eta noiz ez ikas dezaten. Interesgarria izan daiteke prebentzio tailerrak egitea, nerabeekin lan egiten duten profesionalei informazio egokia ematea, gaztetxoei informazio ona eman eta mugak jartzea...

Badirudi jendarteari orokorrean itxarotea zer den ahaztu egin zaiola. Garai batean norbaiti etxera deitu eta ez bazegoen, bazen itxaroteko patxada.

Guztiz ados. Berehalakotasuna da gaur egungo ezaugarria. Berehalakotasuna eta azkartasuna. Esaterako, badirudi Youtubeko bideo batek hiru minutu baino gehiago baldin baditu luzeegia dela. Ez dugu arreta mantentzeko gaitasunik denbora luzean. Eta hori ez da nerabeekin bakarrik gertatzen, helduekin ere gertatzen da. Dagoeneko badaude ikerketak gure arreta mantentzeko gaitasuna aldatu egin dela erakusten dutenak. Batetik, gaitasuna makaldu egin da eta, bestetik, gure arreta gauza askotan izateko gaitasuna hobetu egin da. Aldatu egin da gauzak ikusteko gure era.

Baina egia da gaur egun ez dakigula zer den aspermena. Ez dugu onartzen aspertuta egotea eta denbora guztian gauzak egiten egoteko beharra dugu, ez bakarrik mugikorrarekin, baita gure bizitzako arlo guztietan ere.

Aspertzeak zeure buruarekin konektatzera behartzen zaitu. Besteekin gero eta konektatuago, baina geure buruarekin gero eta gutxiago.

Horrela da. Gaur egun jendeak ez du bere emozioekin eta barruko esperientziekin konektatzen. Negatiboak badira, jendeak saihestu egiten ditu barrurako lotura horiek. Gizartearen arazo orokorra da; etengabe jasotzen ditugu dena oso polita dela eta dena posible dela dioten mezuak. Politak dira, baina funtsean esaten dutena da ondo egon behar duzula. Eta zer gertatzen da ondo ez bazaude?

Noski, askoz hobea da ondo bazaude, baina gaizki bazaude ez duzu zertan errudun sentitu eta badirudi mezu hori jasotzen dugula. Horregatik dugu egonezina ezkutatzeko eta saihesteko joera. Ez da komeni egonezinak eta tristurak mugikorrarekin, Internetekin edo horrelako tresnekin tapatzea.

Noiz esan dezakegu mugikorrarekiko edota Internetekiko menpekotasun bat dagoela?

Ez da begiratu behar horrenbeste zenbat denbora ematen duen erabiltzaileak horretan. Akaso, lau ordu ematen ditu baina informazio baliagarria topatzen ari da eta erabilera egokia egiten ari da. Denbora baino, pertsonak tresnarekin duen harremana aztertu behar da. Horren beharra dagoenean eta behar hori kontrolatu ezin denean –tresna ezin delako erabili haserrea, urduritasuna, antsietatea–, arreta jarri behar da. Niretzat irizpide garrantzitsuena ondokoa da: Zure eguneroko bizitza oztopatzen duenean.

URKO FERNANDEZ ROMAN

«Internet ez da erabiltzeko tresna bat, bizitzeko toki bat da»

Pantallas Amigas ekimeneko proiektu arduraduna da. Hiritartasun digital arduratsu eta aktiboa bultzatzeko lan egiten dute.

Gaztetxoak pantaila txiki bati lotuta ikusten ditugu. Gailuak txikia eta kaltegabea dirudi, baina baditu arriskuak, ezta?

Inoiz ez dugu gure esku artean hain tresna ahaltsua izan. Ezagunak dira mugikor adimendunek eskaintzen dituzten aukerak, baina arriskuak ere badira. Mugikorrak, finean, Internetera sartu eta bertan elkarreragiteko tresna besterik ez dira. Benetan ahaltsua dena Internet bera da. Arrisku gutxi batzuk ezagutzen badira ere, horiek saihesteko neurriak edo gertatutakoan ondorioak murrizteko moduak ez dira ondo lantzen eta haur eta nerabeak beharrezko trebetasun eta heldutasunik gabe ibiltzen dira Interneten beste pertsona batzuekin esperientziak bizitzen.

 Sentsazioa da gailu teknologikoekin ikasita jaiotzen direla haurrak.

Haur eta nerabeak natibo digital bezala izendatzen ditugunean, teknologia eta pantaila ugariz inguraturik jaio direla besterik ez dugu esaten. Liburu askoren ingurunean jaio ginen gu eta horrek ez gintuen jakintsu bihurtzen, baina bagenuen non ikasi, motibazio aproposa izanez gero. Gaurko gaztetxoek badute hainbat aukera teknologia desberdinak ondo ezagutu eta menperatzeko, baina testuinguru digitalean ziber-alferkeria handia dago eta jendartea ‘azukre’ digitala bakarrik kontsumitzera ohitu da. Dieta horrek abantaila baino arazo gehiago ekartzen ditu, eta normalean ez ditu aditu teknologikoak sortzen. Internetekiko eta tresna digitalekiko oso ezagutza pobrea dute orokorrean.

Benetako arrail digitala ez da sortu gazte eta helduen artean, Internet era pasiboan eta aktiboan erabiltzen dutenen artean baizik. Gutako batzuk, pentsamendu kritikoa eta sormena erabiliz, nahi dugun Interneta sortu eta erabiltzen dugu. Beste asko, berriz, guztiz distraituta dabiltza, kanpoko interes batzuek eskaintzen dituzten denbora-pasa sinple eta errepikakorrak kontsumitzen. Guk ez badugu Internet menperatzen, Internetek gu menperatuko gaitu.

 Hezitzaileak eta gurasoak askotan galduta dabiltza.

Hezitzaileek Interneten aukerak eta arriskuak ezagut ditzakete, horretarako formakuntza desberdinak jasotzen baitituzte. Nahiz eta oraindik espezializazio gehiago behar izan, oinarri bat behintzat bereganatua daukate.

Egia da gurasoak kontestu digital honetan oraindik nahiko galduta dabiltzala, eta gaur egun bizi dugun egoera hiperkonektatu honekiko ezagutza urria daukatela. Gurasoek Interneten ere hezten ikasi behar dute; beren seme-alabei aholkuak, beharrezko jarraipena eta akonpainamendua emateko gauza asko dituzte oraindik ikusteko eta ikasteko. Esperientzia hau bereganatzeko Interneten bizitzen ikasi behar dute, eta testuingurua ezagutu.

Helduok orokorrean teknologia berri hauekiko trebetasun gutxiago izan ditzakegu, baina Internet ez da bakarrik erabiltzeko tresna bat, bizitzeko leku bat baizik, beste pertsonekin esperientziak eta interakzioak ditugulako. Jendea nolakoa den eta interakzio horretan zer nolako gauzak gerta daitezkeen helduok haur eta nerabeak baino hobeto ezagutzen dugu. Testuingurua aldatu da, gero eta digitalagoa bihurtuz, baina jendearen intentzioa eta motibazioek betikoak izaten jarraitzen dute, eta hori irakasten saiatu behar gara gaztetxo eta nerabeei.

 Pribatutasuna, intimitatea, nortasun digitala... horien garrantzia aldarrikatu behar da, ezta?

Pribatutasuna eskubide bat ez ezik, babes faktore bat ere bada. Interneten ez dugu ez gure ez besteen pribatutasuna behar den bezala zaintzen eta errespetatzen, sari gehiegi jasotzen baititugu gehiegi pentsatu gabe jokatzen dugunean (“like”, “retweet” eta sare sozialek dituzten beste hainbat mekanismori esker). Gure eta besteen pribatutasunaren eta nortasun digitalaren kudeaketa aproposa egiten ikasi behar dugu.

Interneten gaudenean, milioika pertsonak osatzen duten erkidego batean ari garela kontuan izan behar dugu. Lurralde, kultur, adin, izaera, pentsamendu… ezberdinak dituen jendearekin harremanetan jartzen gara bertan. Lagunekin, familiarekin edo beste edozein taldetan gaudenean bezala, parte hartzea oso interesgarria da eta besteekiko dugun portaerak, kalean bezala, egokia izan beharko luke.

Haur eta nerabeen parte-hartze aktibo eta arduratsua sustatzeko, bizitza digitalerako trebetasunak irakatsi beharko dizkiegu. Trebetasun horiek mundu fisikoan arras ezagunak ditugu (enpatia, pentsamendu kritikoa, asertibitatea, erabakiak hartzea, emozioen eta sentimenduen kudeaketa, tentsioen eta estresaren kudeaketa…), baina Interneten beste proportzio batean eta estrategia berriekin landu eta sustatu behar dira.

 

Sarean zenbat eta zure informazio gehiago izan, zaurgarriagoa zara.

Pribatutasunak segurtasunerako garrantzia handiena dauka. Askotan entzun dugu estatuetako oinarrizko legeek pertsona bakoitzaren intimitatea eta datu pertsonalak babesten dituztela, eta delitua dela lege horiek urratzea, baina Interneten 200 bat estatu beren legedi desberdinekin gabiltza konektaturik, eta ez da batere erraza kontestu horretan gure eskubideak bermatzea.

Duela lau urte, Nazio Batuen Erakundeak eskubide hori ez ezik, gure pribatutasuna babesteko tresna eta ezagutza bereganatzeko eskubidea genuela ere esan zuen. Sare sozialek eta Interneteko negozio modeloek dena kontatzera bultzatu gaituzte. Egun, Interneteko zerbitzu gehienak ez ditugu poltsikoarekin ordaintzen, gure pribatutasunarekin baizik.

Interneten etengabe ari zaizkigu datu pertsonalak eskatzen, baina batzuetan beharrezkoak direnak baino datu gehiago eskatzen dizkigute eta gugandik zenbat jakitea nahi dugun erabaki behar dugu. Ikasi beharko dugu denon artean nola eta zenbat gauza partekatu guri eta gure ingurukoei buruz, Internetek “dohainik” ematen dizkigun aukera eta zerbitzuak erabiltzeko. Ez baduzu produktu batengatik ordaintzen, zeu zara saltzen den produktua.

 Hiritartasun digital arduratsua eta aktiboa bultzatzeko beharra nabarmentzen duzue.

Hiritarrak garenean ez gara besteak baino gehiago, ezta gutxiago ere, berdinak gara gure desberdintasunekin. Ekintza justu eta tratu onekoen protagonistak izaten ikasi behar dugu, ez bakarrik kanpoko edo offline munduan, baita Interneten ere. Interneteko bizitza, bizitza erreala da, ez birtuala.

Hiritar bezala eskubide batzuk baditugu, baina baita betebeharrak ere. Besteentzako garrantzitsuak gara, edo izan beharko ginateke, eta besteen egoera eta ekintzak garrantzitsuak izan beharko lirateke guretzat. Sentimendu eta inplikazio hori izateko, gizarte digital honetan parte hartu behar dugu, gure iritziak partekatuz eta proposamenak eginez, besteen ekimenen zain geratu gabe.

Gizatasun eta hiritartasun digitala jorratu ez badugu, ez dugu burututako ekintzen ardura ezagutuko, ezta egindako kaltearen berri izango ere (ez badut aurrez-aurre ikusi, ez dut erreal bezala sentituko). Hiritartasun arduratsurik gabe, besteenganako errespetua galdu egiten da, eta gure sare digitalean aurki daitezkeen hainbat pertsonaren eskubideak oso erraz urratu ditzakegu. Haur eta nerabeengan kontzientzia digital hau garatzen badugu, etorkizun positibo baten aurrean egongo gara.

 «Ziberbullying», «sexting», «grooming»... beti gaude arrisku berrien aurrean. Sareak aukera adina arrisku ote ditu?

Arrisku baino aukera gehiago eskaintzen dizkigu sareak, eta horregatik izan du Internetek izan duen arrakasta. Smartphone edo mugikor adimendunei esker, aukera hauek haur eta nerabeen eskuetan ipini ditugu. Teknologia berriek tresna eta zerbitzu berriak ekarri dizkigute, bai eta ohitura eta bizimodu berriak ere. Horiekin batera arrisku batzuk azaldu zaizkigu, eta bizitzako beste alorretan gertatu zaigun bezala arrisku horiek ezagutu eta ekiditen ikasi behar dugu, eta arazoren bat gertatzen denean kaltea murrizteko edota problema konpontzeko neurriak hartzen jakin beharko genuke.

Arriskuak ez dira beti txarrak izango, horiei esker ikasteko eta hazteko aukerak ditugu-eta, baina Interneten gerta dakizkigukeen arrisku batzuk oso larriak dira eta horretarako neurriak hartu beharko ditugu egungo jendartean.

 Nerabezaroak berezko dituen ezaugarriak nola txertatzen dira sare sozialetan?

Gure gaztaroan izan ditugun behar berberak dituzte oraingo gazteek (besteen onarpena, lagunak izatea, ikuspuntu ezberdinak lantzea…), baina Interneten beste arau batzuekin garatzen dira. Guk bagenituen bizipenak ondo barneratzeko aukerak, gauzak lasaitasunarekin egiteko denbora genuen-eta (dirua, distantzia eta baimenen mugak zirelako). Interneten berriz, interakzioak eta erantzunak ziztu bizian bidali behar ditugu eta sare sozialek gauzak pentsatu gabe egiteko aukera eskaintzen diete.

Adin horretan esperientzia berriak bizitzeko irrikan daude, eta autokontrola ezin dutenez ondo landu, konpultsibitate handia dago.