NAIZ
ZORNOTZA

Zornotzako Udalak babesa adierazi dio Ibon Urrengoetxearen familiari eta kontzentrazioa deitu du

Zornotzako Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du gaur goizean, Ibon Urrengoetxearen heriotza dela-eta. Bere «arbuio irmoa» agertu du hilketagatik eta haren senide eta gertukoei babes osoa adierazi die. Gaur arratsaldeko 19.30ean kontzentrazioa deitu du herriko plazan.

Zornotzako Udaleko bozeramaileen batzordeak bilera egin du gaur goizean eta adierazpen instituzionala onartu du, Ibon Urrengoetxearen heriotzaren harira, bere «arbuio irmoa» agertzeko.

Adierazpenean gogora ekarri duenez, abenduaren 23ko goizaldean «Amorebieta-Etxano modu oso suntsitzailean izan da kolpatua» eta Ibon Urrengoetxea herriko bizilaguna «lapurreta batean erahila izan da».

«Giza-maltzurkeria eta zekenkeriak, zientzuek historian zehar inoiz ez dituzten gure gizarteak utzi, berriro ere kolpatu gaituzte», deitoratu du.

Udalak bere «min eta arbuioa» berretsi ditu «erahilketa h onen aurrean», eta «erabateko babesa» helarazi die Urrengoetxearen senide eta gertukoei.

Gaur arratsaldeko 19.30ean herriko plazan kontzentrazioa egiteko deia egin du. Hori baino lehenago, 18.00etan, Urrengoetxearen aldeko hileta elizkizuna izango da.

Lapurreta, hipotesi nagusia

Ibon Urrengoetxea 43 urteko zornotzarra abenduaren 23ko goizaldean hil zen Bilbon, bi gizonek eraso egin eta eragin zizkioten zaurien ondorioz. Nafarroa eta Erripa kaleen artean gertatu zen erasoa 4.20 aldera eta Ertzaintzak uste du lapurreta egin nahi ziotela, horixe du hipotesi nagusitzat. Gertatutakoa argitzeko herritarren laguntza eskatu du.