NAIZ
BILBO

Bakea eta elkarbizitzaren alde Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute hainbat biktimak

Rosa Rodero ETAren biktimak eta Ane Muguruza eta Edurne Brouard GALen biktimek Sarek urtarrilaren 13rako Sarek Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute, «ideologien gainetik giza eskubideen auzia dagoelako» eta «gutariko bakoitza manifestazio honetan egotea bakea eta elkarbizitza osatzeko urrats bat» izango dela uste dutelako.

Azkarraga, Rios, Muguruza, Brouard eta Rodero, gaurko agerraldian. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Azkarraga, Rios, Muguruza, Brouard eta Rodero, gaurko agerraldian. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Rosa Rodero, ETAk hil zuen Joseba Goikoetxea ertzainaren alargunak; Ane Muguruza, GALek hil zuen Josu Muguruza HBko diputatuaren alabak, eta Edurne Brouard, GALek hil zuen Santi Brouarden alabak agerraldia egin dute Joseba Azkarraga eta Paul Riosekin batera, urtarrilaren 13rako Sarek presoen eskubideen alde antolatu duen manifestazioan izango direla adierazi eta bertara joateko deia egiteko.

Muguruzak eta Roderok nabarmendu dutenez, Euskal Herrian izan diren indarkeria adierazpen desberdinen biktima izaki, ez dute nahi beraiek jasandakoa «berriz beste inork pairatzea».

«Ez dugu nahi gure izenean edo bortxakeriak sortarazi zigun sufrimendu izugarriaren izenean inork gure minari ahots ipintzen saiatzea, gure herrian ehunka lagunek dagoeneko jasotako liskarra eta sufrimendua handiagotuz. Min hori gurea da eta ez dugu nahi gu guztion ezinbesteko adiskidetzerako ez den beste edozertarako erabiltzen jarraitzea», adierazi dute.

Azaldu dutenez, beren ekarpenarekin lagundu nahi dute «egiteke dauden lanei heltzen», berriro indarkeriarik ez izateko.

Horrekin batera, Roderok eta Muguruzak ez dute nahi beren izenean «pertsona presoei ezta haien senideei eskubideak urratzen jarraitzea». Gorroto eta «mendeku zantzu guztiak» arbuiatu dituzte eta giza eskubide «guztien» alde agertu dira, eta bat etorri dira Sarerekin urruntze politikak eragiten duen sufrimendua amaitzea eragozten duten oztopo guztiak gainditu egin behar direla, baita «larri gaixorik dauden lagunek kartzeletan irautea, edota bizi osorako ezkutuko zigorrak ahalbidetzen dituen salbuespeneko legedia ere» bertan behera utzi behar direla. 

Horregatik, herritarrei bakearen alde egin dezaten «ahalegina» eskatu diete, «tirabirak baztertuz eta elkarbizitzarako zubiak eraikiz».

«Ez dugulako nahi inork –pertsona, erakunde, edo gobernu– gure izenean zigor bidegabeak ezartzen jarraitzea, urtarrilaren 13an Bilboko kaleak beste behin beteko ditugu, eta behar den beste aldiz egingo dugu berriro», «ideologien gainetik giza eskubideen auzia dagoelako».