NAIZ
DONOSTIA

Realak ez du soinean Qbaoren publizitaterik eramango Leganesen aurkako partidan

Talde txuri-urdinak iragarri duenez, urtarrilaren 7an Leganesen aurka jokatuko duen neurketan ez du Qbao.com babeslearen publizitaterik erabiliko eta, gaineratu du, iruzur salaketak egiaztatzekotan, bi entitateak lotzen dituen kontratua bertan behera utziko duela.

2014tik babesten du Qbaok Reala. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
2014tik babesten du Qbaok Reala. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Lau puntuko ohar baten bitartez, Realak azaldu du talde txuri-urdinaren eta Qbao.com-en artekoa «babesle harremana» dela, «besterik gabe».

Babesle txinatarra iruzurrarekin lotzen duten informazioak «egiaztatuko balira, Realak kontratua bertan behera utziko du eta formula ezberdinak bilatuko dugu jasandako okerrak ordaintzeko».

Zentzu horretan, entitate donostiarrak gaineratu duenez iruzur horiek frogatzekotan, «Reala kaltetu bezala konbtsideratuko da, beste pertsona eta erakundeak bezala».

Horrez gain, Realak azaldu du urtarrilaren 7an lehen taldeak Leganesen aurka jokatzekoa duen neurketan ez duela Qbao.com-en publizitaterik erabiliko.

Qbao.com enpresa 2014tik da Realaren babesle eta urtean 1,7 milioi euro ingururekin laguntzen du taldea eta jokalariek bere izena daramate elastikoetan. Anoeta berriaren zati bat (%20-25 inguru) finantzatzeko prest ere agertu zen. Egun Bigarren Mailan dagoen Rayo Vallecanoren babesle ere izan zen aurreko bi denboraldietan.

Iragan asteazkenean, Nanjingeko (Txina) Poliziak ohar baten bidez jakinarazi zuen enpresa ikertzen ari zela eta haren burua, Zhang Xiaolei, komisaldegian zegoela, bere burua entregatu eta gero.