NAIZ
IRUÑEA

Preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko aldarri ozena Iruñean

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko urte hasierako zita bihurtu da Bilboko manifestazioa eta gaur, 2017 urteari amaiera ere emateko, mobilizazio jendetsua egin dute Iruñean. Iruñerriko auzo eta herrietatik abiatuta, nafar hiriburuko Alde Zaharrean batu dira zutabe desberdinak eta auzoko kaleak zeharkatu dituzte oihu baten atzetik: «Euskal presoak etxera».

Jendetza bildu da Iruñean preso eta iheslarien etxeratzearen alde. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Jendetza bildu da Iruñean preso eta iheslarien etxeratzearen alde. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

‘Ez dugu izaterik aske haiek gabe, Iruñerria kalera presoak etxera’ lelopean, jendetza bildu da Iruñeko kaleetan. Manifestazioaren amaieran irakurritako testuan, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren konponbidean presoek duten garrantzia nabarmendu dute. «Preso eta errefuxiatuak ezinbestekoak dira bake prozesuan, eta haien ekarpena osoa izan dadin etxean behar ditugu. Gatazkaren konponbidean aurrera egiteko orain presoen ordua da. Haiek barrutik eta guk kanpotik, denak gurekin izan arte».

Azken hilabeteetan konponbidearen norabidean «pausu garrantzitsuak» eman direla ekarri dute gogora. «Herriak, jendeak, paper garrantzitsua dugu bertan, jendeak ekarriko ditu presoak etxera». Bide horretan atera dira kalera gaurkoan, «euskal presoak etxera» oihukatuz «barroteak urtzeko bezain ozen, elkartasuna azken ziegaraino heltzeko bezain ozen eta giltzarrapoa irekiko duen giltza dutenek entzuteko bezain ozen».

Eta lan horretan jarraitzeko konpromisoa agertu dute. «Denak gurekin izan arte borrokan segituko dugun herritarrak gara. Herria egin eta herriaz harro daudenak. Borrokan eta konpromisoan sinesten dutenak».

Horregatik, urtarrilaren 13an, gaur Iruñean egin bezala, Bilboko kaleak betetzeko deia egin dute.