«Garzon jardun zen buru-belarri ezker abertzalea itotzeko lanean»
Joan den astean atera zen Txema Matanzas (Santurtzi, 1965) Puerto III-ko kartzelatik. 18/98 makrosumarioan epaitua izan zen beste dozenaka euskal herritarrekin batera eta hamar urte baino gehiago pasatu ditu ziega batean –bi urte bakartuta–. Bere ustez, Estatu espainiarra «inkisitoriala da, giza eskubideen kultura mamitu ez duena».
Bukatu da. Joxean Etxeberria aske geratu da eta atzean utzi du duela bi hamarkada hasitako amesgaiztoa, 18/98 makrosumarioa. Bera zen auzi horren ondorioz kartzelan jarraitzen zuen azken euskal herritarra. Azken-aurrekoak joan den astean berreskuratu zuen askatasuna: izan ere, ostegunean atera zen Puerto III-ko espetxetik Txema Matanzas, «estrategia politiko militarra itotzeko» asmoarekin Estatuak sortutako sumario horretan epaitua izan zen abokatua.
Gasteizen bizi den santurtziar honek hamar urte baino gehiago egin ditu preso bere militantzia politikoagatik, eta ondo gogoratzen du hamarka lagunen aurkako epaiketa, 2005eko azaroan hasi zena eta 2007ko martxoan amaitu. «17 hilabete iraun zuen, eta normalean epealdi batzuk errespetatzen ziren», azaldu dio GARAri. Dena den, auzipetuentzako epaiketa bera ere zigor bat izan zela nabarmendu du. «Astelehenetan joaten ginen Madrilera eta bertan egoten ginen asteazkenera arte. Aste erdia galtzen genuen eta jende askok galdu zuen lana», salatu du auzipetuen aniztasuna azpimarratu aurretik.
Izan ere, «18/98 sumarioa ez zen osatu antolakunde bakar baten aurkako operatibo batekin, beste kasu batzuetan gertatu den bezala». Adierazi duenez, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen asmoa ezker abertzalea osatzen zuten antolakunde guztien aurkako epaiketa bat aurrera eramatea zen. «Eta 18/98 sumarioan jarduera ezberdinetan aritzen ginen pertsonak metatu gintuzten». Besteak beste, Ekin, KAS, Xaki, Orain SA eta Joxemi Zumalabe Fundazioarekin harremanak izateagatik epaituak izan ziren. «Era guztietako jendea eta iritzi politiko ezberdinak genituenak bildu gintuzten», zehaztu du.
Matanzasek dioenez, Garzonek urteak pasatu zituen informazioa pilatzen ezker abertzalea «itotzeko». ETAk haren ustetan izan zezakeen sostenguarekin amaitu nahi zuen, «ez sostengu fisiko eta militantea, kasu honetan sostengu ideologiko eta kulturala ezabatu nahi zuen». Eta epaileak «dena ETA da» estrategia martxan jarri zuen 18/98 sumarioarekin.
Estatuak Garzonek sortutako estrategiari eutsi dio, baina atxilotuei leporatzen zaizkien delituak aldatu ditu. «Altsasukoa adibide garbia da», dio abokatuak, Madrilgo Gobernuak «terrorismoa» eta «gorroto delituak» disidentzia oro zigortzeko erabiltzen dituela oharraraziz. Bere iritziko, azken urteetan «Auzitegi Nazionalean ez da inolako aldaketarik izan», eta geroari begira ere ez dauka esperantza handirik. «Ez dut uste Estatu espainola demokratizatuko denik. Estatu inkisitoriala da, giza eskubideen kultura mamitu ez duena».