NAIZ

Ane Pikazaren ilustrazio bat izango da Zinegoak jaialdiaren 15. edizioko irudi nagusia

Kartelean maitasun lesbikoa eta estereotiporik gabeko gorputzak aldarrikatzen dira, jaialdiaren arduradunek eta artistak berak aurkezpenean azaldu dutenez.

Zinegoak 2018.
Zinegoak 2018.

Hilabete bi baino gutxiago falta da Zinegoak jaialdiaren 15. ediziorako, eta astearte honetan aurtengo kartela aurkeztu du. Jaialdia otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte egingo da. Ane Pikaza euskal artista da egilea, eta bertan, emakume igerilari bi agertzen dira elkarri musukatzen, uraren azpian. Irudi samurra da, «eztia eta naif samarra», baina atzean mezu sakona gordetzen du: Zinegoak jaialdiak aurten emakumeen arteko maitasunari eta gorputzen aniztasunari ikusgarritasuna emango dio.

Pau Guillen Zinegoak-eko zuzendariak azaldu duenez, aurtengo kartelak gorputzen estereotipoen inposaketaz hitz egin nahi du. Irudi horren bidez, pertsona guztiek beren gorputzaz harro egoteko eskubidea dutela aldarrikatzen da. «Genero adierazpen eta nortasunetik harago, desira ere oso anitza izan daitekeela nabarmendu nahi izan dugu», esan du.

Kartelaren egilea Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea da (Bilbo, 1984). Pikaza Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan diplomatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Kabia, Xake edo Hika antzerki taldeetan eta telebista eta zinema produkziotan parte hartu du.

Ilustratzaile lanetan, antzerki talde batzuen kartelak egin ditu (Marie de Jongh), eta Kabia taldeko «Alicia después de Alicia» antzerki-komikiaren eszenak sortu ditu. Vetusta Morla taldearekin ere lan egin du, «Los rios de Alice» bideojokoaren irudiak sortuz, Madrilgo taldearen soinuarekin. Bizkaiko Aldundiarekin indarkeria matxistaren kontrako azken kanpainan parte hartu du bere ilustrazio batekin, azaroaren 25aren baitan.

Kartelaren ideia Zinegoak-en aurreko edizio batean ikusitako dokumental batean oinarritzen da. «Aquaporko!» film laburrak benetako igeriketa talde baten istorioa kontatzen du. Emakumez osatutako kirol talde honek harrotasunez beren gorputzen aniztasuna aldarrikatzen du. Horrez gain, kartelak 2015. edizioko kartelarekin bat egiten du; urte horretan, Gorka Olmok egindako ilustrazio bat izan zen kartelaren protagonista nagusia.