NAIZ

LABek eta hainbat kristau elkartek bat egin dute Bilboko larunbateko manifestazioarekin

Larunbatean Bilbon presoen eskubideen alde egingo den manifestazioak atxikimenduak biltzen jarraitzen du. LABek langileei dei egin die  bertan parte har dezaten, eta Kristau Elkarte Herritarrak, Herria 2000 Elizak eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak ere bat egin du mobilizazioarekin.

LABek adierazi duenez, Parisko abenduaren 9ko manifestazioaren ondotik, heldu den igandean Bilbon egingo dena «hitzordu garrantzitsua» izango da preso eta iheslariak «etxera ekartzeko borroka indartzeko». Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru duen ordezkaritza bidaliko du sindikatuak manifestaziora, eta langileei parte hartzeko deia egin die.

LAB gogora ekarri duenez, presoen auziaren inguruan Ipar Euskal Herrian adostasun zabalak eraiki dira esparru politikoan, eta gizarte zibilaren inplikazioa ere «eredugarria» da. Horrek Gobernu frantsesarekin interlokuzioa zabaltzea posible egin du, ohar batean nabarmendu duenez. 

Estatu espainolean, ordea, Gobernuak «ez du aurrera urrats bakar bat ere eman euskal presoekiko salbuespen eta mendeku politikan», eta gaixorik dauden presoena da horren «adierazle nagusia». Euskal Herrian gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna eskatzeko adostasun zabala lortu dela azpimarratu du LABek, eta aurrera begira adostasun hori bera presoak Euskal Herriatzeari eta «bestelako salbuespen neurrien ezabatzeari» dagokionez lortu behar dela erantsi.

Kristau elkarteak

Kristau Elkarte Herritarrak, Herria 2000 Elizak eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak ere larunbatean Bilbora joateko deia egin dute, «Ebanjelioarekin leial jokatuz, justizia eta bakearekiko dugun konpromisotik abiatuta».

Presoei dagozkien «eskubide guztiak» errespetatuak eta egikarituak izan daitezela exijitu dute, eta dei egin diote Elizari manifestazioan parte har dezan. Era berean, gotzainei gonbita egin diete «beren salaketa-ahotsa altxa dezaten espetxeetan zigor injustua pairatzen ari direnen eskubide urratuak direla-eta, horrek bakeranzko bidea trabatzen baitu».