Maitasun handiko eroale txikiak
«Motxiladun umeak» izan dira aurtengo mobilizazioko protagonista nagusiak. Zama handia daramate bizkarrean presoen seme-alabek, buruan galdera gehiegi eta gehienetan erantzun bakarra: «Urruti». Motxila irribarrez betea ekarri dute Bilbora, «urruti» hori «gertu» bilakatzeko.
Haurrei buruz hitz egiterakoan inozentzia eta irribarrea irudikatzen ditugu; badira, ordea, xalotasun hori nahigabean galdu duten umeak. Euskal presoen seme-alabek ongi dakite hori. Aitaren, amaren edo bien hutsuneak, milaka kilometroko bidaiek eta haurtzaro apurtu batek heldu bihurtzen dituzte behar baino lehenago. Aurtengo Bilboko manifestazioak «motxiladun umeengan» jarri du arreta eta GARAk horietako batzuen amak elkartu ditu.
Haurrekin hitz egitea ia ezinezkoa izan da; urduri eta aztoratuta daude. Xuar txikiak, ordea, hitz gutxirekin baina ederki adierazi digu zer sentitzen duen aitaz galdetuta. «Urruti», horixe izan du erantzuna. Lau urteko txikia Oiartzunen bizi da bere ama Oihanarekin. Haurrak espetxean ezagutu du aita. «Lehengo batean aipatzen zuen nerabe batek ia-ia bi bizitza paralelo bizi ditugula. Gure egunerokotasunari aurre egin behar diogu eta horrekin batera ia beste bizitza bat daukagu, etxean preso bat izateak suposatzen duen guztiarekin», azaldu du. Horri, noski, maite duzun norbait espetxean izateak dakarren «hutsune afektiboa» gehitzen zaio.
Edurne Igantzin bizi da bere bost urteko semearekin. Semeak bizi duen hutsune handiaz hitz egin digu, baita berak bizi izan duenaz ere: «Amatasunari bakarrik aurre egiteak emozionalki suposatzen duena nabarmendu nahi dut. Lehenengo aldiz izaten dituzun beldur horiei bakarrik egin behar diezu aurre».
Banku batean eserita kontatu dizkigute beren istorioak. Bazter batean jarrita daude Itziar eta Oier 11 urteko semea. Lotsatuta dago Oier, baina ezkutatu ezin duen irribarrea du aurpegian. Eta badu arrazoirik, Murtzian preso duen aita hurrengo astean geldituko baita aske. «Estatu guztiari buelta eman diogu; 20 urte eman ditu espetxean eta 11 urte hauetan nire semeak egin dituen buelta guztiak eta horren eragina izugarria da», azaldu du amak. Umea hazten doan heinean ardurak ere gehituz doazela nabarmendu du. «Beti daukazu istripuen kontu hori buruan, zer gertatuko den bidaian… ez duzu inoiz eteten kate hori eta horrek, urtea joan eta urtea etorri, sekulako zama dauka zuregan. Askotan pentsatu izan dut nola gainditzen duten umeek egoera hori».
Izaro Hernanikoa da eta lau urteko semea du. Bere bikotekidea Chateaurouxen preso dago orain, Fresnesetik pasatu ostean. «Bikote harreman bat bikotekidea ondoan egon gabe mantentzeak daukan zailtasun eta gogortasun guztia azpimarratu nahi nuke». Zintzo hitz egin du espetxe politikak seme-alaben hezkuntzan ere duen eraginaz. «Nik helburu garbia daukat: gorrotoan ez heztea. Esaten den gauza bat da, baina txikiari espetxera goazen bakoitzean funtzionarioak esaten badio ez diola jostailua sartzen uzten edo aitarekin goxo-goxo dagoenean etorri eta modu lehorrean bisita bukatu dela esaten badio, zaila da. Oso azkarrak dira eta konturatzen dira; beraientzat ‘jende gaiztoa’ dira».
Sakabanaketaz hitz egiten denean arriskuaz hitz egiten da maiz; bada, ordea, haurrengan pisu handiagoa duen zerbait: aita edo amaren falta igartzen dute. Kontaketa mingarri baten bidez azaldu digu Izarok: «Triste etortzen da, aita berekin ekarri nahi duelako. Galdetzen duenean noiz ekarriko dugun gurekin eta erantzun behar diozunean oso handia denean izango dela... oso gogorra da. Berak erantzun zehatzagoa nahi du eta nik ez dut erantzunik gaur egun».