NAIZ
PARIS

150-200 euro arteko isunak jarriko dituzte Estatu frantsesean kalamua kontsumitzeagatik

Gobernu frantsesak leundu egingo ditu kalamua kontsumitzeagatik ezartzen dituen zigorrak, nahiz eta ez duen despenalizatuko. Auzitegietan pilatzen diren dozenaka milaka prozedurak saihesteko, 150-200 euro arteko berehalako isunak jarriko dituzte.

Gizon bat kalamua erretzen, Charleville-Mezieres hirian. (François NASCIMBENI/AFP)
Gizon bat kalamua erretzen, Charleville-Mezieres hirian. (François NASCIMBENI/AFP)

Gerard Collomb Barne ministro frantsesak baieztatu duenez, kalamuaren kontsumoagatik ezartzen dituzten zigorrak leundu egingo dituzte eta isun ekonomiko finko bat jarriko dute.

Europe 1 irratian azaldu duenez, Gobernuaren helburua da kalamua kontsumitzeagatik komsaldegi eta auzitegietan pilatzen diren dozenaka milaka prozedurak saihestea. Horren ordez, 150-200 euro arteko berehalako isunak ezarriko dituzte, nahiz eta ohartarazi duen horrek ez duela esan nahi, kasu bakoitzaren arabera, auzibiderik ez zaionik irekiko kalamua kontsumitzen duenari.

Ministroak argi utzi nahi izan du kalamuaren kontsumoa ez dela despenalizatuko. Aldaketak gauzatzeko Gobernuak hainbat lege aurkeztuko ditu, horietako bat zigor prozedurari buruzkoa.

Isunak berehala jarri ahal izateko polizia nahiz jendarmeek «tableta modernoak» izango dituztela esan du Collombek.

Kalamuaren kontsumoari buruzko txosten bat aurkeztu zuten atzo bertan Frantziako Asanbladan eta bertan egileek berehalako isunen alde egiten dute, despenalizazioari buruz iritzirik eman gabe.

1970eko legedia

Egun Estatu frantsesean indarrean dagoen legedia 1970ekoa da eta urtebeteko kartzela zigorra eta 3.750 euro arteko isunak aurreikusten ditu kalamua kontsumitzen dutenentzat. Praktikan gutxi aplikatzen da, kontuan hartuta Estatuan 17 milioi kontsumitzaile daudela –67 milioiko populazioa du–.

Iaz 140.000 pertsona atxilotu zituzten porruak erretzeagatik baina 3.098 isun besterik ez zituzten ezarri.