NAIZ

‘Ikasleok zorrotz’ dinamika abiatu dute, borroka lokalen bozgorailu izateko

Ikasleria aktibatu eta euren hitza entzunarazteko, ‘Ikasleok zorrotz!’ dinamika abiatu dute hainbat ikaslek. Honen bidez, borroka lokalen bozgorailu izango den tresna izango dute aurrerantzean, «denak hezkuntza sistema eraldatzeko borroka beraren parte direla adierazteko».

Dinamika abiatu duen ikasle taldea. (NAIZ.EUS)
Dinamika abiatu duen ikasle taldea. (NAIZ.EUS)

«Lan-esku merkea, indibidualista, sumisoa eta akritikoa; hori da egungo hezkuntza sistemaren produktua» ‘Ikasleok zorrotz!’ dinamika abiatu duten ikasleen arabera. Hezkuntza sistema «hautaketa tresna» bat dela azpimarratu dute, «sistema bere horretan erreproduzitzeko ezinbesteko tresna».

Hego Euskal Herriaren kasuan, Estatu espainiarraren zigilua darama «inposatua» izan zaigun sistemak, zeinak LOMCEren forma hartzen duen. Salatu dutenez, baina, EAJk hezkuntza erreformaren oinarrizko elementuak «eusko-labelarekin ezartzeko aurpegi-zuritzea» egin du Heziberri 2020 planaren bidez.

«Baina ikasleok ez gaituzte engainatuko. Cristina Uriarte Wert espainiar ministro ohiaren delegaria izan zen, eta egun Madriletik inposatutakoaren morroi izaten jarraitzen du», adierazi dute.

‘Ikasleok zorrotz!’ dinamikarekin ikasleak aktibatu nahi dituzte, euren hitza entzunarazteko. «Erreformen eta inposizioen aurrean, Euskal Herriak hezkuntza sistema propio eta burujabe bat behar du, herritik eta herriarentzako izango dena, euskalduntzen duena, feminista, kolektiboa eta parte hartzailea, kritikoa, baztertzailea ez dena... Euskal Herria ere halakoa izan dadin!».

Dinamikaren bidez borroka lokalei bozgorailua jarri asmo dute, denak hezkuntza sistema eraldatzeko borroka beraren parte direla adierazi asmoz. Zentzu horretan, dinamikaren parte izan nahi duten ikasleentzat harremanetarako bitartekoak jarri dituzte, sare sozialen bidez edota ikasleokzorrotz@gmail.com helbidera idatzita.