Aimar ETXEBERRIA

Itxuraldatuta, berriz ere bueltan da «Il Cavaliere»

81 urterekin, eta hauteskundeak lehen aldiz irabazi zituenetik ia 24 urte igaro direnean, politikako lehen planora itzuli da Silvio Berlusconi, «Il Cavaliere». Ez da betikoa, baina: playboy-aren rola baztertu du, italiar nazioaren aitona gisa agertzeko.

Bueltan da, eta baliteke bere azken paper garrantzitsua antzezten aritzea. Aktorea baita Silvio Berlusconi, Il Cavaliere, unean uneko testuingurura egokitu eta nazioaren aldartea ezin hobeki usaintzen asmatzen duen antzezlea. 81 urte ditu magnate italiarrak, eta ia 24 joan dira hauteskundeak lehen aldiz irabazi zituenetik. 1994a zen orduan, eta hiru aldiz izan da lehen ministro orduz geroztik (1994-1995, 2001-2006 eta 2008-2011). Aldatu dira, baina, garaiak; eta aldatu da Berlusconi.

Kanporatua izan zen 2011n Italiako Senatutik «Mediaset auzian» iruzur fiskalagatik lau urteko espetxe zigorrera kondenatua izan ostean eta, ordutik hona, itzuli bat baino gehiago egin behar izan du epaitegietara, besteak bestek, sexu eskandaluak tarteko. Halere, azterketarik zailena, bere osasunak jarri diona izan du: bihotzeko ebakuntza bati egin behar izan zion aurre 2016ko ekainean. Izan zen heriotza-oharrik idatzi zionik ere, baina atera zen hartatik eta gaur da eguna kanpaina betean dabilena, lehiakide gazteenek adina gar erakutsiz.

Jardun parlamentarioa utzi zueneko Berlusconik eta egungoak, ordea, ez dute zerikusirik. Joana da alfa gizonaren erreferentzia, emakumezko adingabeekin ‘bunga bunga’ festak egiten zituen perbertituaren irudia. Edo horretan dihardu behintzat Il Cavalierek, itxuraz arrakastaz gainera. Bestelako rol bat hartu du datorren martxoaren 4ko hauteskunde orokorrei begira: italiar nazioaren aitona izan nahi du orain Berlusconik –nonno della nazione–, eta lasaitasuna transmititu; aitona batek ezin du errebeldea izan, eta herrialdearen aldarteak ez du iraultzarik eskatzen. Hedatu nahi duen itxura berri horrek Italiaren panorama politikoak behar duen egonkortasunarekin dauka zerikusia; bera da establishmentaren hautagaia. Bada beste elementu bat Berlusconiren itxuraldaketan eragin duena: bere lehiakide nagusien profila –Matteo Renzi (Alderdi Demokratikoa), Luigi Di Maio (M5S 5 Izar Mugimendua) eta Matteo Salvini (Lega Nord)–; inork ez du 45 urteren langa gainditzen.

Guztia, baina, ez du alde Berlusconik. Justiziak debekatua dio jardun parlamentarioa zerga-ihesa dela eta kondenatua izan zelako. Horrek ez du baztertu magnatea politikagintzatik, baina azken orduan Europako Giza Eskubideen Auzitegiak –bertan helegitea aurkeztua baitu– bere aldeko epaia eman ezean ezin izango du hauteskundeetara aurkeztu. Horrek galdera bat aireratzen du: nor izango da lehen ministro Berlusconiren Forza Italiak –eta honen koaliziokideek– hauteskundeak irabazten baditu? Galdera garrantzitsua da, azken inkesten arabera oso kontuan hartzeko aukera baita.

Lega Nord eta Fratelli d’Italia, fidel

Magnatearen alderdiak indarrak batu ditu bozei begira Lega Nord eta Fratelli d’Italia talde politikoekin, azken urteotan tradizio bilakatu den koalizioa osatuz. Honek arreta Salvinirengana bideratzera garamatza, 44 urteko milandarrarengana. Trantsizio fasean da bera buru duen Lega Nord; Italiaren iparraldearen independentzia aldarria alde batera utzi eta nazio mailako alderdi bilakatu nahi du, immigrazioaren aurkako jarrera oinarri hartuta. Baina kostako zaio Salviniri biraketa gauzatzea, are gehiago bere ahotik herrialdearen hegoaldea «Italiaren hondamendia» dela bezalako adierazpenak atera izan direnean.

Bada biraketa horretan Salviniren alderdiak egin duen beste aldaketarik, Europari dagokiona hain zuzen. Europar Batasunarekiko oso kritiko izaten jarraitu arren leundu egin du honen aurkako diskurtsoa. Berlusconik berak baieztatu du publikoki Lega Nordeko bere kideen jarrera aldaketa, azpimarratuz eskuineko koalizioak hauteskundeak irabaztearen kasuan ez lukeela europar pertenentzia zalantzan jarriko, ezta euroaren erabilera ere. Baina Berlusconik Salvinirekin mesfidati izateko arrazoiak baditu, ez dira gutxiago Lega Nordeko liderrak magnatearekiko izan ditzakeenak.

Salvinirenek ez dute gustuko Il Cavalieriren alderdikideek Renziren Alderdi Demokratikoarekiko erakutsi duten gertutasuna. Egintzat ematen da hauteskunde orokorretatik aterako den legebiltzarra zatitua izango dela eta aliantzak beharko direla gobernua osatzeko. Zentzu horretan egin dizkio keinuak Forza Italiak Alderdi Demokratikoari, eta hori da Salvinik gustuko ez duena: Berlusconiren eta Renziren arteko ‘koalizio handia’. Kontuak kontu, indarrak batuta bozak irabazteko aukerak ditu eskuinak Italian eta, azken inkesten arabera, gertu izango du bakarrik gobernatzeko beharrezkoa den %40ko botoen langa –Tecnè Italiak %38,5a eman zion hil hasierako zundaketa batean–. Baina ahaztu al dezakete italiarrek Berlusconiren iragana eta ostera ere boterea eman behinola bufoi eta lapur izan zen horri?