NAIZ

Adin txikikoen arretan neurriak hartzeko exijitu dio EH Bilduk Bizkaiko Aldundiari

Bilbon gertaturiko hilketetan, adin txikikoen arretan dauden gabeziek ondorioak dituztela erakutsi dutela azpimarratu du EH Bilduk eta beharrezko diagnostikoa egiteko eragile ezberdinekin erronda abiaraziko duela iragarri du.

Josu Unanue eta Aitziber Ibaibarriaga. (@EHBilduBilbo)
Josu Unanue eta Aitziber Ibaibarriaga. (@EHBilduBilbo)

EH Bilduk adingabekoen arretarako tresnen analisi kritikoa eta serioa egitea eskatu dio Bizkaiko Aldundiari. «Konponketak lortu nahi baditugu txarto egindakoa aitortzetik hastea baino ez dago», azpimarratu du Josu Imanol Unanue EH Bilduko Batzar Nagusietako bozeramaileak.

Unanuek gogoratu du «kalitatezko gizarte politika eraginkorrak ez izatearen ondorioak agerikoak direla, batez ere adin txikikoetan. Prebentziorik onena adingabeei jaiotzen direnetik 18 urte bete arte dagozkien eskubideak bermatzea da».

EH Bilduk arlo horretan zenbait gabezia antzeman dituela azaldu du: «Bizkaian, Gizarte Zerbitzuetan orokorrean gertatzen den bezala, azpikontratazioaren eragina nabarmena da; adin txikikoen zentruetan %80 azpikontratatuta dago. Eta gogoratu behar da azpikontratatzeak ez du administrazioaren ardura mugatzen. Kontrakoa, kontrolak indartzea eskatzen du».

Unanuek erakunde ezberdinen arteko koordinazio eza aipatu du eta zaharkitua geratu den eredua berrikustearen beharrizana ere aipatu ditu.

Aurrekontu eta langile gehiago

Aitziber Ibaibarriaga EH Bildu Bilboko bozeramaileak nabarmendu duenez, «orain dela 30 urteko erantzunekin jarraitzen dugu eta erantzuteko gaitasunik gabe gelditzen ari gara. Auzoetan herritarrek, auzo elkarteen bitartez, proposamenak egiten ari dira. Gure konpromisoa beraiekin lan egitea da, baina uste dugu ezin garela hor gelditu eta instituzioei babes sozialerako politika publikoen garapena exijitu behar diegula».

Udal mailan adin txikikoen arreta hobetzeko hainbat tresna daudela gogoratu du Ibaibarriagak eta instituzio horrek lanari ekin behar diola adierazi du. «Harrituta gaude aste osoan Aldundiak ez duelako inolako adierazpen publikorik egin eta, hiri mailan, Aburto kezkatuagoa ikusi dugulako hiriaren eta bere irudi pertsonalaz benetako arazoetaz baino. Udalaren lehentasuna ezin da izan arazoak alfonbra azpian ezkutatzea, hiriaren irudia salbatzeko asmoz».

EH Bilduk egoeraren benetako azterketa eskatzen du eta, lan horrekin hasteko, zentruen zuzendariekin, sindikatuekin eta sektoreko enpresekin erronda bati ekingo dio. Lan horren helburua hobetu beharreko elementuak identifikatzea izango da eta arazoari benetako irtenbideak bilatzea. EH Bilduren ustez, Adingabekoen Arretan beharrezkoak dira langile gehiago, aurrekontu handiagoa, tresna egokiak eta koordinazioa hobetzea eta horren alde egingo du lan.