NAIZ

Emilie Jouvet zinemagile frantsesak Zinegoak jaialdiaren Ohorezko Saria jasoko du

Zinegoak jaialditik argudiatu dutenez, Jouvetek «emakumeen gorputza eta beren intimitatea borrokarako tresna bihurtu du». Zinemagile frantsesak jaialdiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du saria, otsailaren 19an, Arriaga Antzokian.

Emilie Jouvet.
Emilie Jouvet.

Zuzendari frantsesaren hautaketak jaialdiaren edizio honetako kartelaren ildo berbera jarraitzen du, hots, gorputz ez normatiboen aldarrikapena: «Ezberdin izatearen naturaltasuna aldarrikatu nahi dugu, inolako hesirik gabeko jendartea bultzatzen duten sortzaileak ezagutzera eman nahi ditugu».

Emilie Jouvetek Pariseko Arte Ederretako Eskola Nazionalean egin zituen ikasketak, eta argazkilari eta zuzendari modura egin du lan. Ekoizle lanetan ere ibili da, militantzia eta beharrizanagatik. Bere lanetan sexu askatasuna eta aniztasuna aldarrikatzen du modu zabal eta transbersalean, eta bere lan gehienak berak ekoiztu behar izan ditu.

2006an zuzendu zuen bere lehenengo lana, ‘One Night Stand’, nazioartean hainbat sari lortuz. 2009an zazpi performerrekin batera bira bat antolatu zuen Europatik, sexu esplizitua zuen Moulin Rouge moduko bat. Zuzendariak kamera hartu eta hainbat momentu filmatu zituen: biraren egunerokotasuna, sexualitatearen inguruko hausnarketak, feminismoa, queer teoriak eta abar.

Bidaia horretan ‘Too much Pussy!’ bere bigarren lana jaio zen, eta zinema komertzialetan leku bat egitea lortu zuen, lan horrek sexu esplizitua zuen arren. Filma zinema militantearen erreferente bihurtu da, sexua erreminta politiko gisa erabiltzen duelako.

2016an BIM - Biennale de l'Image en Mouvementerako hautatu zuten, Ginebrako Arte Garaikidearen Museoan. Bertan ‘Aria’ pelikula aurkeztu zuen, Estatu frantsesean emakume lesbianek laguntza bidezko ugalketa egiteko dituzten trabak azaltzen dituen lana. Horrez gain, queer amatasun eta aitatasunen inguruko hausnarketa bultzatzen du, eta herrialde horretako testuinguru homofoboa azaltzen du.

Urtebete geroago bere bosgarren lana aurkeztu zuen, sexualitate politikoaren inguruan kasu honetan: ‘My body my rules’. Pelikula honetan, Jouveten interesa gorputz ezberdinen ingurukoa da, «edertasunaren aginduetatik urrun geratzen diren emakumeen gorputzak». Gorputzen aniztasuna aldarrikatzen duen ereserki feminista da.

Jouveten lana ezagutzeko interesa duten pertsonek aukera izango dute Zinegoak jaialdian. Bere azken bi lanak, ‘My body my rules’ eta ‘Too much pussy’, jaialdiaren programazio «ofizialaren» baitan proiektatuko dira, hots, otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte.

‘Aria’ dokumentala, ostera, 3, 2, 1... Zinegoak! aurre-jaialdian ikusi ahalko da. Hitzordua otsailaren 18an izango da, 19.00etan, BBK aretoan, doako sarrerarekin). Zinemagile frantsesa bertan egongo da, eta berarekin bere lanaz berba egiteko aukera izango da.

Jouvetek jaialdiaren inagurazio ekitaldian jasoko du Ohorezko Saria, otsailaren 19an, 20.00etan Arriaga Antzokian. Azkenik, zinemagile frantsesak doako ikastaro magistral bat eskainiko du BilbaoArte aretoan, otsailaren 20an.