Ion TELLERIA

... Etorriko al da Puigdemont?

EUSKAL HERRIA ETA BARTZELONA ARTEKO BIDEAK GARBI ZIREN ATZO, BAINA IPAR ETA HEGO KATALUNIA BEREIZTEN DITUEN MUGA ETA PARLAMENT INGURUA POLIZIAZ LEPO DAUDE AZKEN EGUNOTAN. OSO ZAILA DIRUDIEN ARREN, CARLES PUIGDEMONT ITZULIKO DEN ESPERANTZAN DIRA ASKO... ETA HORREK BELDURTZEN DU GEHIEN GOBERNU ESPAINOLA.

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga poliziarik gabe zen atzo goizean, Espainiako hedabide batek Puigdemonten itzulerarako lehen aukera gisa gure inguruak zehaztu arren. Euskal Herritik Katalunia arteko bidean ere Guardia Zibil bikote bakarra topatu dugu, istripu baten ostean trafikoa zuzentzen. Beraz, arazorik gabe egin ahalko zuen gurekin bidaia gaur Espainiarik ez balego Kataluniako Parlamentuak presidente izendatuko zuenak.

Ezinezkoa zirudiena posible bihurtu da azken orduetan, edo gutxienez, aukeren artean kontuan hartzekoa. Gaur 15.00etan Puigdemont Katalunian egongo den esperantza du askok, horren beldur da, ezeren gainetik, Gobernu espainola eta eskutik daramatzan botere eta sektore batzuk ere bai.

Euren esku zegoen guztia egin dutela adierazteko gogoz-edo Espainiako barne ministroak pasa den astean iragarri zuen askok «maletategi operazioa» deitu duena. «Landa bide ugari dago eta barkuz sar daiteke edo helikopteroz», esan zuen Juan Ignacio Zoidok autoren baten barruan ezkutatuta ere sar ez zedin lanean ari zirela nabarmenduz. Pentsa dezake baten batek bera atxilotzeko agindu duen gobernu batek nahiago lukeela bere kontrolpera gerturatzea hura eta hartara atxilotzea, baina nahikoa adierazpide eman dute espainiarrek lehentasuna Puigdemont presidente ez izendatzea dela eta horretarako bidea, Kataluniako Parlamentuak kontrakorik erabaki ezean, Gironako alkate ohia Bartzelonara ez iristea dela.

Aukera gisa, eta txantxa giroan, aurreko asteetan baziren ziotenak Parlamentuko estoldak baliatuz bertara sartzeko saiakera egin zezakeela Puigdemontek. Sinesgarritasuna Guardia Zibilak berak eman zion, hauek miatzeko lanak hartzean. Airez ere sar daiteke, eta igandean Toledoko Ocaña inguruan operazioa antolatu zuen Guardia Zibilak, Bruselatik zetorren hegazkin batean Puigdemont zetorrelakoan. Bederatzi ehiztari ziren.

Aipatu dituzte Marseilla ingurutik barkuz iristeko aukera eta baita hedabideren batek «kamioi zuloa» deitu duena ere, kamioi baten barruan egindako hutsune batean ezkutuan iritsi ahalko zen izuz.

«Itzulera operazioa abian»

Nahi duenari ikusmina sortzeko bidea Ferran Civit i Marti ERCko diputatuak eman zuen atzo. «Belgikatik abiatu dugu itzulera operazioa, ondo kargatuta», txiokatu zuen goizean. Gutxira, askok Puigdemonten buru atze gisa identifikatu zuen argazki batekin segitu zion hariari, «atsedenerako tartea, bidaia luzea izango baita eta Parlamentuko osoko bilkura gogorra».

Ihes egin zuen egunean Gobernuaren egoitzatik egindako argazki bat igo zuen Carles Puigdemontek bere Instagrameko kontura. Atzo, antzeko pare bat kolpe jo zituen, bigarrengoan Parlamentuaren alboan doan Picasso pasealekuko argazki bat jarriz eta inbestidurarako 24 orduren faltan herritarrak animatzeko hainbat mezu gehituz.

14.30erako deitu ditu ANCk herritarrak Sant Jaume plazan, Gobernuaren egoitzaren parean, 15.00etan Parlamentu buelta jendez betetzeko deia egin dute. Puigdemonten aurpegidun karetak banatuko dituzte bertaratuen artean; honen balizko itzuleren ideiari hauspoa ematen dion esaldi batekin hedatu zuten deia atzo: «Lanak izango ditu Guardia Zibilak egiazkoa aurkitzen». Ea ba....