NAIZ

Karrantzako Udala Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko asmoa

URA, Uraren Euskal Agentzia, Karrantzako Udalarekin bildu da ostegun honetan, Bizkaiko udalerriko ur hornidura eta saneamendua Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak kudeatu dezan bultzatzeko.

Uraren Euskal Agentziaren arabera, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergora sartuz, hondakin uren kontrola, bilketa eta tratamendua hobetuko da. «Ezinbesteko neurriak dira Karrantza ibaian isurketen erasanak murrizteko», aderazi du.

Horregatik, Karrantzako udalbatzak aho batez eskatu zuen 2016an ur partzuergoan sartzea. Halere, behin betiko sartzea ez da oraindik gauzatu, Bizkaiko Aldundiaren eta Karrantzako Udalaren arteko abeltzainei kobratu beharreko ur tarifak zehazteko negoziazioa noiz hasten den zain.

Atzerapen horrek atzeratu ditu udalerriko saneamendua hobeto kudeatzeko hartu beharreko neurriak, baita saneamendu sistema orokorra hirigintza planeamenduan txertatzea ere, eta, ondorioz, «gaizki kudeatutako isurketek Karrantza ibaiaren egoera ekologikoa kaltetzen jarraitzen dute».

«Saneamendu kolektore eta araztegien faltak eta saneamenduaren egungo kudeaketa ez aproposak isla zuzena dute nabarmen hobe daitekeen Karrantza ibaiaren egungo egoera ekologikoan, EAEko ur masen jarraipenerako sareak behin eta berriz adierazi duen moduan», azaldu du.

Horrela, URAren arabera, gaur egungo egoerak saneamendu kudeaketa on bat lortzea oztopatzen du eta saneamendu kostu altuagoak dakartza. «Partzuergoan sartzeak Kudeaketa hori zorrotzago egitea ahalbidetuko du, bidenabar, Karrantza araneko ibaietan egun diren erasanak murrizteko, eta Karrantzako saneamendu zerbitzu on baten kostuei aurre egin ahalko zaie, Karrantzak bere kasa ezinezkoa lukeelako», adierazi du.