Nagore BELASTEGI

Hamarkadetan isilpean mantendu denaren gainean argi izpi bat jarriz

Elizaren babespean gertatzen diren sexu abusuak salatu nahi izan dituzte Barandiaranek, Astizek eta Rubiok, baina artxiboetan miatzeko zailtasunak izan dituzte. «Icebergaren punta» besterik ez diren kasu batzuk aztertu dituzte opakotasuna salatzeko.

Spotlight” filmean AEBetako elizan gertatutako sexu abusuak azaleratu zituzten kazetarien inguruko kontakizuna egiten da. Pelikula ikusi ostean sortu zitzaion Euskal Herriko kasuak aztertzeko grina Alberto Barandiaran kazetariari, berak txikitan abusua jasan zuela kontuan izanik. Lana aurreratuta zuela batu zitzaizkion Iñigo Astiz eta Miren Rubio, hauek ere kazetariak.

Lanean hasi orduko konturatu ziren datuak lortzea ez zela hain erraza, sexu abusuak diren tabua eta Elizak duen opakotasuna kontuan izanik. Ezinezkoa egingo zitzaien euskal Elizaren argazki orokor bat egitea, baina agerian utziko zituzten ahal bezain beste zertzelada. Honela sortu zen “Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan” kazetaritza liburua.

Ezagutu dituzten kasuak «icebergaren punta» besterik ez direla aitortu arren, Elizaren jarrera salatzeko balio dute. Izan ere, hamarkadetan isilik mantendu da, biktimen anonimotasuna gorde behar delako aitzakiarekin, eta orain aspaldian ezagutzen zituzten kasuak onartzen ari dira apaiz eta gotzainak. Azkenaldian izan den berrikuntzarik nabarmenena, idazleentzat nahikoa ez bada ere, Frantzisko aita santuarekin etorri da; abusu kasuak azaleratu behar direla adierazi zuen, eta orain apaizek derrigorrezkoa dute konfesioan abusu baten berri dutenean, biktimari justizia zibilera jotzeko gomendioa egitea. Baina kasuak salatzearen ardurak biktimaren bizkar jarraitzen du, apaizek ezin baitute ezer kontatu.

Horri «bigarren biktimizazioa» deitzen diote kazetariek. «Salatu behar izateko zamak biktima egiten zaitu berriro, are gehiago kontatutakoa zalantzan jartzen denean, frogarik ez dagoelako», aipatu zuen Astizek.

Azkenaldian gero eta kasu gehiagoren berri izatea ez da kasualitatea. «Sexu abusuen atzean botere gehiegikeria bat dago. Apaizak isiltasuna bermatzen du biktimak ez dezan ezer kontatu. Biktima bakarrik sentitzen da, ezin dio inori kontatu, uste du inork ez diola sinistuko. Beste biktima baten ahotsa entzuten duenean kontatu ahal izateko bultzada ematen dio, ikusten duelako ez dagoela bakarrik eta asko direla gainera. Beste bati entzuteak badu garrantzia», azpimarratu zuen Rubiok.

Preskripzioaren arazoa

Era berean, libururako gaiari buruz Jose Ignacio Munilla Donostiako apezpikuari egindako elkarrizketan aitortzen du Elizak boterea galdu duela, eta horrek kasuak azaleratzea errazagoa egin duela. Euren aldetik ez dute gauza handirik egiten. Gotzainak berak biktimak hartuko dituela esaten du, berarengana zuzenean jo eta nahi dutena kontatzeko. Hegoaldean ez dago bestelako erraztasunik. Iparraldean, ordea, nahiz eta justiziaren aldetik aurrerapausorik ez den egon, biktimek badute nora jo bulego bat dagoelako. Bertan kontatzen dena ez da Elizatik ateratzen, baina epaiketa kanonikoa hasten da.

Justizia zibilari dagokionez, askotan kasuak preskribatu egiten dira, sexu abusuak kontatzea ez delako batere erraza. Biktimek kontatzeko ausardia biltzen dutenean auzibidea zabaltzeko berandu izan ohi da; gehienez hamabost urte daude 18 urte betetzen denetik, hau da, «12 urterekin abusua jasan zuen pertsona bat 33 urterekin gai izan beharko da gertatu zaiona kontatu eta frogatzeko» (Ipar Euskal Herrian hogei urte dira). Elizaren erantzuna, ordea, ez da gogorregia. «Onartua da denbora luzez halako kasu baten berri zutenean isildu eta lekuz aldatzen zutela apaiz hori. Eskandalua estaltzeko, apaizari biktima sorta bat jartzen zitzaion eskura», salatu zuen Astizek.

Azken urteetako kasurik esanguratsuenetako bi izan dira Leioako Gaztelueta ikastetxekoa, Euskal Herrian ustezko sexu abusuak direla eta epaitegi penalera iritsiko den bakarrenetarikoa –epaiketa hasteko zain daude– eta Kakux Mendizabalena –agertu ziren hiru kasuak preskribatu egin dira baina auzibide kanonikoak zabalik dirau–. Azken kasu honi buruz Rubiok aipatu zuen «erruduna» ez dela Mendizabal soilik, Eliza osoa baizik oraindik ere ez delako inongo neurririk jartzen.