NAIZ
VALENTZIA

Aitzakiarik gabeko porrota Athleticentzat Valentzian (3-1)

Kolpe galanta jaso du gaur Athleticek, Valentziaren etxean 3-1 galduta. Porrota atzerapausua da zuri-gorrientzat sailkapen nagusiko lehengo postu horren lehiari begira. Cirauqui izan da bilbotarren gola egin duena.

Kolpea hartuta itzuli dira zuri-gorriak Valentziatik. (ATHLETIC.EUS)
Kolpea hartuta itzuli dira zuri-gorriak Valentziatik. (ATHLETIC.EUS)

Lehenengo aukera izatearekin bat sartu du gola Valentziak. 6. minutua zen eta aldapa gora zuen dagoeneko neurketa Athleticek. Sailkapen nagusian atzetik, arerio gogorra zuten zuri-gorriek, bost puntu eskasera baino ez dutena porrotaren ostean.

Athleticekin ere gauza antzekoa pasa da, 16. minutuan, aurretik arrisku nabarmenik sortu gabe, egin baitu bere gola. Cirauqui izan da golegilea, ezkerretik jarri dioten erdiraketa bat sareetara bidaliz. Banakoarekin orekatu egin da neurketa.

Bazirudien pixkanaka Athletic ari zela egiten partiduaren aginte makilarekin. Bere aukera izan du Maite Orozek 31. minutuan, eta 40.ean aurki izan da Nekane baloia sareetara bidaltzeko. Gola, baina, Mari Pazek egin du –eguneko bigarrena zuen-, 44. minutuan.

Kolpea jaso du Athleticek atsedenaldira joan aurretik, eta kolpe horren ondorioekin zelairatu dira bigarren zatian. Hala, behin betiko 3-1ekoa egin du Sandrak 54. minutuan kontraeraso bat baliatuz. Minutu bat lehenago neurketa berdintzeko sekulako aukera izan du Yulema Corresek.

Bi gol atzetik markagailuan, intentsitatea galdu du neurketak. Aldaketak iritsi dira bat bestearen atzetik, eta apenas utzi diote futbolari aukerarik. 68.ean egindako Maite Orozen urruneko jaurtiketa bat izan da zuri-gorriek bigarren zati osoan izan duten aukera bakarrenetakoa.