NAIZ

13 udaltzain berri Bilboko kaleetan

Bilboko Udalak ezagutzera eman duenez, aste honetan zehar 13 udaltzain berri arituko dira Bizkaiko hiriburuko kaleak ikuskatzen.

Udaltzainak Bilboko Kale Nagusian. (Bilboko Udala)
Udaltzainak Bilboko Kale Nagusian. (Bilboko Udala)

Bilboko Udaltzaingoan 80 udaltzain berri sartu dira joan den urtean ospaturiko bi Enplegu Publikorako Eskaintzen bidez. Azaldu dutenez, 25 pertsona Bilboko Udalaren EPEren bidez sartu dira eta beste 55 beste udaltzaingo batzuekin batera egindako EPEren bidez.

Udalak ezagutzera eman duenez 13 udaltzainek prestakuntza baliozkotu ondoren, aste honetan Bilboko kaleak ikuskatzen hasiko dira. Euskal Herriko Udaltzaingoetako Oinarrizko Eskalako Agente kategorian sartzeko ikastaroa balioztatuko diete 13 pertsona horiei, beste polizia batzuetatik datozelako. Horregatik, egokitzapen-ikastaro bat egin dute Bilboko Udaltzaingoaren Miribillako Akademian.

Besteak beste, zirkulazioa (futbola, babesa manifestazioetan eta abar), ordenantzak, defentsa poliziala, tiro-praktikak, komunikazioak, Zuzenbide Penala (eguneraketa) eta larrialdietako koordinazioa landu dute. Ikastaroa amaituta, Bilboko kaleetara irtengo dira patruilatzera aste honetan bertan eta Bilboko Udaltzaingoaren Abandoko eta Begoñako ikuskaritzetan egongo dira.

Beste 67 agenteak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian (Arkaute) trebatzen ari dira; eta udaltzain modura patruilatzera irtengo dira uztailetik aurrera.

80 udaltzain berri horietatik 14 emakumeak dira eta 66 gizonak. Bilboko Udaltzaingoaren plantilla horrela handitu egingo da. Gaur egun 747 udaltzain daude eta horietatik emakumeak 58 baino ez dira. Batez besteko adina orain 48 urtekoa da.