NAIZ

Mercabilbao eta Bilboko portua, Berlingo fruta eta barazki azokan

Mercabilbao eta Bilboko Portua aurten ere Berlinen burutzen den Europako fruta eta barazki azoka nagusian izango dira. Bi erakundeak Estatu espainiarreko portuen standean izango dira eta beren helburua Hego Amerikatik eta Erdialdeko Amerikatik datorren trafikoaren sarrera portu izatea delarik.

«Zalantzarik gabe, fruta eta barazkien errepideko garraioaren alternatiba egokia da Bilboko Portuaren eta Mercabilbaoren eskaintza, bai eta barazki eta frutaren inportazio eta esportaziorako Espainiako Estatuaren iparraldeko elikagaien hub gisara sendotzeko ahalegina ere», bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Horretarako, Mercabilbaok eta Bilboko Portuak «puntako instalazioak» dituztela nabarmentzen dute, bai eta mundu osoko 900 bat porturekin lotzen dituzten itsas zerbitzu ugari.

Joan den urtean, Bilboko Portuak 136.000 tonako fruta eta barazki trafikoa izan zuen. Batez ere ortuariak, tipulak, baratxuriak, porruak, patatak eta zitrikoak jaso eta esportatu ziren. Herrialdeei dagokienez, nagusi dira Britainia Handirako, Irlandarako, Suediarako eta Kanadarako esportazioak, eta inportazioetan, Britainia Handitik, Perutik, Indiatik, Herbehereetatik eta Txiletik egindakoak nabarmetzen dira.

Bilboko Portuak Espainia Estatuko iparraldeko kontainer terminalik garrantzitsuena du, eta portu sakonerarik handienekoa da. Noatum Container Terminal Bilbao-k kudeatzen du terminala, eta 540 entxufe-hargune daude. Urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz kontrolatzen eta monitorizatzen da kontainerren tenperatura.