GARA
bilbo

Lan istripuen aurka, protesta eguna Bizkaian

Gehiengo sindikalak mobilizazio eguna deitu du biharko, urtea hasi zenetik jazo diren zortzi langileen heriotzak salatzeko. Goizean elkarretaratzeak egingo dira eskualdeetan; arratsaldean Bilbon batuko dira.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak lan istripuen aurkako mobilizazio eguna deitu du biharko Bizkaian. Hala iragarri zuten atzo Zamudion egindako elkarretaratzean; bertan, iragan otsailaren 1ean Loiun zendu ziren bi langileren heriotzak salatu zituzten.

Zamudioko Teknologia Parkean egin zuten elkarretaratzea, Euskaltel-eko egoitzaren aurrean; izan ere, enpresa honek sustatzen dituen obra batzuetan egiten zuten lan biktimek. Excavaciones Ibardegi enpresako beharginak ziren eta 33 eta 32 urte zituzten. Furgoneta batean atseden hartzen ari zirela zendu ziren, berogailuak sortutako gasak arnastearen eraginez.

Ibon Zubiela LABeko Osasun arloko ordezkariak Europa Press agentziari adierazi zionez, otsailaren 1a egun «beltza» izan zen, gogorarazi zuenez, Usansolon beste bi langile hil zirelako, kamioi gidari bat eta autobus gidari bat.

Loiuko kasuaren harira, «betikoa» gertatzen dela adierazi zuen Zubielak. Alegia, «enpresa nagusiak beharginak azpikontratatzen ditu eta beharginak zein baldintzatan lan egiten duten ahaztu egiten dute».

«Prekaritatea osasun galera guztien oinarrian dago», adierazi zuen, erantsiz istripuen atzean lan baldintza kaskarrak daudela.

Urtea hasi zenetik zortzi langile hil dira. Hain zuzen, horixe salatu nahi dute ELA, LAB, Hiru, Steilas ESK eta EHNE sindikatuek biharko deialdiarekin.

Goizean lurraldeko eskualde guztietan elkarretaratzeak egingo dituzte eta arratsaldean, 19.00etan, Bilbon Lakuako Gobernuak duen egoitzaren aurrean batuko dira, urteko lehen 36 egunetan «lan egite hutsagatik» jazo diren heriotzen gaineko salaketa egiteko.