NAIZ

Deustuko Gazte Lokalaren aldeko 2.000 sinadura eramango dituzte Udal Erregistrora

Deustuko Gazte Lokalaren defentsan sorturiko plataformak 2.000 sinadura jaso ditu Merkatu zaharraren eraikina mantentzeko eta ostegun arratsaldean Udal Erregistrora eramango dituzte.

Gazte Lokalaren aldeko aldarria Deustuko aratusteetan. (@deustuGL)
Gazte Lokalaren aldeko aldarria Deustuko aratusteetan. (@deustuGL)

Bilboko Udalak Deustuko Merkatu zaharraren eraikina, azken 26 urteetan Deustuko Gazte Lokala izan dena, eraitsi nahi duela jakitean, Deustuko hainbat auzokide zein bere garaian Gazte Lokalean ibilitako hainbat jende elkartu eta Deustuko Gazte Lokalaren aldeko plataforma sortu zuten.

Lehen ekimena Gazte Lokalari babesa adierazteko argazkiak ateratzea izan ostean, sinadura bilketari ekin zioten eta 2.000tik gora batu dituzte. Ostegun arratsaldean, 17.45etan hain zuzen ere, deialdia egin dute Udaletxeko eskaileratan elkartu eta sinadura horiek Udal Erregistrora eramaterakoan Gazte Lokalaren aldeko sostengu jendetsua irudikatzeko.

Jasotako sinaduren bitartez, Bilboko Udaleko Ondare Batzordeari «XIX. mendeko eraikina denbora gutxi barru onartuko den HAPO-PGOUren Eraikinen Katalogoan txertatzea» eskatzen diote.

Eraisteko agindua

Iraila bukaeran Deustuko Gazte Lokala eraisteko agindua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak eta elkarrizketa prozesu bati hasiera eman zioten. Lokal autogestionatuko gazteek insonorizazio proiektu bat aurkeztuko zutela adostu zuten, baina urrian izandako bileran atzera bota eta «gazteentzako alokairuan eskainiko diren babes ofizialeko etxebizitzak» egingo zituztela esan zietela Udaleko ordezkariek salatu dute.

Azaroaren erdialdean Gazte Lokaleko kideek ohar batean salatu zutenez, «Deustuko Merkatu Zaharra bota nahi dute gure mesederako, edo hori sinestarazi nahi dute, baina ez gaituzte engainatuko. Ez dute etxebizitzaren arazoarekin bukatu nahi, ez da egiten dugun zaratagatik, eta ez da lokal hobe, prestatuago eta berri bat gazteek autogestionatzea nahi dutelako. Etxerik gabe eta espaziorik gabe nahi gaituzte».