NAIZ
GASTEIZ

Furgonetarekin bi ertzain harrapatzen saiatu den gizon bat atxilotu eta espetxeratu dute

Ertzaintzak 49 urteko gizonezko bat atxilotu du goizaldean Legution, bi ertzain harrapatzen saiatu eta ibilgailuarekin bi polizia auto behin eta berriz kolpatu ondoren. Atxilotuaren furgonetaren aurka hainbat tiro ere egin dituzte ertzainek geldiarazten saiatzeko. 

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak azaldu duenez, bart iluntzeko 21.00ak aldera, Ertzaintzaren patruila bat ikusi ondoren furgoneta batek atzerako maniobra egin du N-240 errepidean, Gasteizko Gamarrako irteeran. Ertzainek geldiarazteko agindua eman diote gidariari, eta dokumentazioa eskatu diotenean furgoneta abian jarri du; ertzainetako bat kolpatu ondoren, Legutiora bidea hartu du N-240 errepidean.

Ertzainak atzetik joan zaizkio eta furgonetak behin eta berriz kolpatu du polizien autoa eta errepidetik atera da Otxandiorako irteera parean. Ertzainak autotik jaitsi eta oinez inguratu dira furgonetara, eta une horretan berriz abiatu da zuzenean haiengana joz. Poliziek furgonetaren kontra tiro egin dute, geldiarazten saiatzeko. Ibilgailuak polizia autoa jo du eta, ondoren, inguratu den beste patruila auto bat.

Handik ordu erdira aurkitu dute furgoneta Legutio inguruan eta ertzainak gidariaren bila hasi dira. Azkenean, gaur goizaldeko 00.45 aldera aurkitu dute, Urrunagako urtegiaren inguruan, zauri arin batekin. Gizonezkoa Gasteizko Santiago ospitalera eraman dute atxilotuta, eta alta jaso ondoren, Zaballako espetxera eraman dute epailearen aginduz. Lau ertzainak mutualitatean artatu behar izan dituzte.

Gizonak atxilotu eta espetxean sartzeko epailearen hiru agindu zituen indarrean. 49 urte ditu eta polizia aurrekariak ditu.