Hausnarketa politiko eta soziala eta aldarrikapena eta jai giroa uztartuko dira datorren martxoaren 18an Larrabetzun ospatuko den Independentzia Egunean. Hala adierazi dute Independentistak Sareko eta Larrabetzuko herritar independentisten batzordeko kideek igande eguerdi honetan egin den aurkezpen ekitaldian.
Burujabetza izango da eguneko gai nagusia, hortik egunaren ospakizunerako prestatu duten leloa: ‘Burujabe hobe’. «Milaka gara bere buruaren jabe den herri batek etorkizun hobea izango duela sinesten dugunok eta halaxe erakutsi dugu herriz-herri burutu diren galdeketetan», adierazi dute.
Herri independente bat, eguneroko bizimoduari aurre egiteko baliabide eta ilusio nahikoa izango duena eta bere herritar guztien ongizatea bermatu dezakeena, horixe izango dute aldarri Independentzia Egunean.
Egitarauak ere helburuen araberako osaera izango du. Izan ere, Euskal Herri osoko eragileak batuko dira martxoaren 18an Larrabetzun eta nork bere arloan egiten duen hori azalduko dute. Mahai-inguruak abiatu aurretik, baina, txistulari eta trikitilariek esnatuko dute herria, eta arratsaldeko 18.00etarako utzi dute ekitaldi nagusia. Gaua Imuntzo eta Belokik girotuko dute.
Independentzia Egunari begira, baina, Larrabetzu independentziaren aldeko udalerritzat jotzen duen mozioa aurkeztuko du herritar talde batek. «Okerrik ezean, otsailaren 28ko osoko bilkuran bozkatuko da», aurreratu dute.
Gaurko aurkezpen ekitaldia Independentzia Eguneko abesti berria aurkezteko ere baliatu dute. ‘Zazpi Euskal Herriek’ abestiaren bertsioa egin dute. Letra Etxhaun Lekuek egin du, eta abestiaren lanketa eta grabaketan Larrabetzuko jende talde zabal batek hartu du parte.
Independentzia Egunerako abestia. @indesarea pic.twitter.com/DQcQiqqnCl
— agustin goikoetxea (@goikodeustu) February 18, 2018