Aieten egindako ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak ‘Eskura’ zentroa martxan jartzeko hitzarmena sinatu dute.
Hitzarmena sinatuta, lehen fasea 2019ko ekainaren 30era arte luzatuko da. Fase pilotu horretarako aurrekontua 266.400 eurokoa izango da.
Giza eskubideei buruzko hezkuntza sistema sustatzea eta helburu horrekin unitate didaktikoak, ikus-entzuneko dokumentazioa edota literatura eta musika lanak jendartearen eskura jartzea izango da zentroaren helburua, azaldu dutenez.
Aipatu hiru erakundeek adierazi dute ‘Eskura’ zentroaren jarduera izango dela hezkuntza-, gizarte- eta partaidetza-pedagogiarako baliagarri diren baliabideak «biltzea, sortzea eta hedatzea».
Giza eskubideei buruzko memoria eta hezkuntzan abian diren azpiegiturentzako pieza osagarria izango da. Jarduerak bi ekimen nagusi izango ditu ardatz: nazioarteko mintegi bat eta giza eskubideei buruzko baliabide pedagogikoen tokiko azoka bat.
Hezkuntzarekin, giza eskubideekin eta bizikidetzarekin «partekatutako konpromisoaren sinbolo» da ‘Eskura’, Iñigo Urkulluk esan duenez, eta gaineratu du aukera emango duela munduan egiten denari buruz ikasteko eta, aldi berean, «munduari geure esperientzia eskaintzeko».
«Bizikidetza-hezkuntzari positiboan heldu behar zaiola uste dugu, enpatia, aintzatespena eta dibertsitatea txertatuz», ziurtatu du.