NAIZ+

Muguruzak Madrilen ‘Egunkaria’-ren itxiera salatu zuenekoa... eta txistuka hartu zutenekoa

Gaurko egunez itxi zuen Guardia Zibilak ‘Euskaldunon Egunkaria’, orain hamabost urte. Hamaika mobilizazio eta protesta izan zen batean eta bestean baina bada bat berezia askok gogoan izango duzuena, Fermin Muguruzak Espainiako Musikaren Sarietan egin zuen salaketa.

Katixa Agirreri irakurri diogu Twitterren bere ikasleek, 19 eta 20 urte artekoek, ez zutela ezagutzen une hau; haien moduan beste asko ere izango direlakoan ekarri dugu une adierazgarri hori bueltan hona.

’In-komunikazioa’ abestiagatik jaso zuen Fermin Muguruzak euskarazko abesti onenaren saria Madrilen, Guardia Zibilaren operazioa izan eta hilabete eta erdira.

Zuzenean eman zuten garaiko Canal+ katean, irekian. Espainiako Musikaren Akademiak ordukoa gogoratzeko webgunean duen kronikan dakar gogora zer aldarrikapen izan ziren ekitaldi hartan. Gerra, hilabete batzuk lehenago Galizian ondoratu zen Prestige-en isurketa, diktadurak eta terrorismoa aipatzen ditu hor. Orduko txistuen itzal luzea...