NAIZ
Errenteria

Aitzor Gogorza eta Mikel Arrietaren askatasuna eskatu dute Errenteriako pentsionistek

Eritasun larriak dituzten presoen eskubideen aldeko Sareren dinamikarekin bat eginez, Errenteriako pentsionistak kalera atera dira, euren desberdintasunak alde batera utzita, pertsona orori dagozkien giza eskubideen defentsan. Herrikide dituzten Aitzol Gogorza eta Mikel Arrietaren egoeraren aurrean kezkatuta agertu dira, gaixotasun larri eta sendaezinak izan arren, kartzelan segitzen baitute.

80 bat lagun elkartu dira Errenteriako Foru Plazan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
80 bat lagun elkartu dira Errenteriako Foru Plazan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Errenteriako pentsionistek elkarretaratzea egin dute Foru Plazan, Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta herrikideek etxean egon behar dutela adierazteko. Izan ere, eritasun larri eta sendaezinak dituzte biek, baina kartzelan segitzen dute, lehenak Basaurin eta bigarrenak Algecirasen, bere ingurutik 1.200 kilometrotara.

80 bat lagun bildu dira, eta denen izenean testu bat irakurri dute, Jose Luis Maritxalarrek euskaraz eta Mari Carmen Santosek gaztelaniaz. Bertan oroitzen dute osasun eskubidea oinarrizko eskubidea dela eta pertsona guztiei zor zaiela, aske zein preso egon.

«Gure ustez, bi pertsona hauen osasun egoera bateraezina da kartzelarekin. Are gehiago, jakinik, gaixo larrien kasuan, espetxe legediak aukera ematen duela kondena eteteko edo espetxealdi arindua ezartzeko, horrela gaixoak tratu duin eta egoki bat izan dezan bere ingurukoen babesarekin», azaldu dute pentsionistek.

Azpimarratu dute Gogorza, Arrieta eta bien senideak jasaten ari diren «sufrimendu eta injustiziarekin amaitzeko» ezinbestekoa dela indarrak batzea. Horixe egin dute eurek, ideologia desberdintasunak alde batera utzi eta arrazoi humanitarioengatik herrikideen askatasuna eskatuz.

Sareren gaixo larrien eskubideen aldeko dinamikan hainbat eremutako jendea ari da inplikatzen: kirolariak, sindikatuak, tabernariak, gazteak, kristau elkarteko kideak... Eta gaur pentsionistak izan dira protagonista.