Ohar baten bitartez, EiTBko LABek gaitsetzi egin du Iñaki Egañaren ‘Armagabetzea. Euskal bidea’ liburuaren iragarkia ez emititzeko erabakia.
Sindikatuak jasotzen duenez, eduki politikoetan oinarrituta hartu da erabakia, baina argitu du ‘EiTBren hedabideetan publizitatea emititzea erregulatzeko arauak’ izenburuko txostenaren «printzipio orokorretan» ez dela halako arrazoirik zehazten. «Zuzendaritzak interpretazio bihurriegia egin du», EiTBko LABen iritziz.
«Informatiboen manipulazioa eta kontrola salatu izan dugu maiz, baina baita bestelako kontrol eta zentsura kasuak, programak, janzkerak, ikurrak... Ohitura zaharra bada ere, ez gara ohitzen eta salatzen jarraituko dugu», nabarmendu du sindikatuak.
LABen arabera, «EAJk ez du onartzen berak kudeatzen ez duen ekimenik aurrera jotzerik» eta adibide gisa aipatu dute Parisko martxaren edo bestelako ekimenen «arrakastak nola isisltzen eta baztertzen saiatzen ari diren». «Oraingoan ere –gaineratu dute– bere komunikabide propiotzat duen EiTB berriro ere zentsura modu partidistan erabili du».
Era berean, autozentsura ere hizpide hartu du LABek: «hainbatetan auzo-lotsaz ikusi izan dugu EiTBko zuzendaritza Parlamentuan azalpenak ematen, konplexuz beteta, Madrilgo Gobernutik edota hau ordezkatzen duen ko-lehendakariarengandik etor daitezkeen erreakzioen beldurrez».
Horregatik guztiagatik, «euskal jendartearen esanetara egon behar duen komunikabide publikoa bakean uzteko» exijitu die EiTBko LABek alderdi eta agintariei. «Kudeaketa profesionala, objektiboa, gardena eta interes partidistetatik urrun nahi dugu», esan dute.